Espainiako Poliziak bi enpresa buru atxilotu zituen astelehenean Usurbilen, ustez langileak legez kanpo izateagatik. Bortxakeria delitua eta langileen eskubideen aurkako delitua egozten zaie. Zenbait hedabideek zabaldu dutenez, enpresariak atzerrira joaten ziren piper bilketarako beharginak bilatzera. Lan kontratua eskaintzen zieten, baina behin hona etorrita, ez zituzten agindutako lan-baldintzak izaten; egunero goizetik gauera lan egiten omen zuten, kontraturik gabe eta obretarako baliaturiko etxoletan bizi omen ziren. Errumaniako sei langile ziren egoera horretan. Enpresaburuak ere errumaniarrak omen dira.
Antza, irailean egin zuten polizia operazioaren bigarren fasea izan zen aste hasierakoa. Piper bilketan langileak irregulartasun egoeran izateagatik, bi enpresari atxilotu zituzten joan den hilean. Ustez, langileen eskubideen aurka aritu izana leporatzen zitzaien. Atxiloketok, aldi baterako nekazal lan jardueren gainean egiten dituzten kontrol saioen baitan kokatu zituen, Espainiako Gobernuko Delegazioak. Gipuzkoako bost enpresarirentzat lanean ziharduten 58 lagun identifikatu zituzten. Horietatik 27 senegaldarrak ziren, 24 errumaniarrak, bi Hondurasekoak. Gainerakoak, Ecuador, Argelia, Burkina Faso eta espainiarrak. Hauetatik 24 lagun lan kontratu gabe ziren, eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe. Isunak jartzeaz gain, ikerketa bat abiatu zuten, langileen eskubideen aurkako ustezko delituen aurrean, enpresariok izan dezaketen ardura zehazteko.