"Kilometroak urtean" da Usurbil, aurreko igandean Orion lekukoa jaso ostean. Datorrenari buruzko informazioa nahi baduzue adi, ostiral eta larunbat honetarako deitu baitira aurkezpen bilerak Potxoenean. Lehenengo saioa urriaren 10 honetan, 19:00etan, eta urriaren 11n, bihar, 11:30etan bigarrena, Potxoenean aipatu moduan. Hitzorduotan, ekimena bera ezagutu, helburuak, funtzionamendua, urteko ekimenak, sortu diren batzordeen zeregina... Horren guztiaren eta xehetasun gehiagoren berri jaso ahalko duzue. Dituzuen zalantza eta kezkak argitzeko modua ere izango duzue.
Laguntza behar da
Usurbilek du jada Kilometroak 15 antolatzeko lekukoa. Antolakuntza martxan da. Hainbat lan talde osatu dira, eta laguntza behar da. Une honetan, behar handienak arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan daude. Taldeotan eta gainerakoetan parte hartzeko deia luzatzen zaie usurbildarrei. Izen emate inprimakia, udarregi.com atarian eskura dezakezue. Argibide eta informazio gehiagorako, hona hemen Udarregi Ikastolako idazkaritzako telefono zenbakia: 943 36 12 16.
Auzolana izango da antolatzaileen esanetan, datozen hileotan bideratu beharreko prestaketa lanen zutabe nagusia. Hainbat herritar animatu dira jada auzolanera. "Auzolan honen isla, orain arte KMK15en antolakuntzen islan laguntzeko izena eman duten guraso, ikasle, irakasle, herritar eta abarrak. Eskerrik asko eta biba zuek! Oraindik izena emateko aukera izan ez duzuenoi berriz, auzolan honetan parte hartzera bultzatu, bai zuei eta baita zuen ingurukoei ere", luzatu dute gonbita.
Herriari lekukoa eskaintzea
Usurbilen izenean emozio eta ilusio handiz jaso zuten aurreko igandean Kilometroak 2015 antolatzeko lekukoa, Xabier Alustiza eta Mariaje Imaz, Udarregi Ikastolako lehendakari eta zuzendariak hurrenez hurren, eta Mertxe Aizpurua alkateak.
Lekukoa herriari eskainiko zaio orain, ekitaldi berezi baten bidez. Urriaren 17an izango da, ostiralez, arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan. "Bertan, Ikastolak jasotako lekukoa herriari eskaini nahi zaio, izan ere, Udarregi Ikastola herritik herriarentzat eraikia izan baita, lehen, orain eta gero. Hau da, Udarregi Ikastola hasieratik gaurdaino herriak sortua eta elikatua, eta herriarena izan da", Kilometroak 2015etik adierazi dutenez.
Urriaren 17an beraz, gerturatu 19:30etan Mikel Laboa plazara eta hasi Kilometroak 2015-erako girotzen.
Kilometroak 2015 martxan!
Hartu eta zuen agenda eta apuntatu. Hauexek dira, Usurbilgo Kilometroak 2015 ekimenari loturiko lehen deialdiak:
Urriak 10, ostirala
19:00 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.
Urriak 11, larunbata
11:30 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.
Urriak 17, ostirala
19:30 Kilometroak-eko lekukoa herriari eskaintzeko ekitaldia Mikel Laboa plazan.