"Sare indartsu bat osatu beharra dago", zioten Kilometroak 2015eko antolatzaileek, ostiral arratsaldean Potxoenean buruturiko lehen aurkezpen bilerara gerturatu ziren herritarrei. Datorren urteko urriaren 4an Usurbilen ospatuko den jaialdi erraldoia prestatzeko nondik norakoak azaldu zituzten. Jende askoren laguntza beharko dela azpimarratu zuten, eta honenbestez, dagoeneko martxan diren lan batzordeetan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak.
Jada 400 lagunek eman dute izena. Baina aipaturikoa, askoz jende gehiago beharko da. Martxan jarri diren batzordeetan eskertuko dute jende gehiagoren parte hartzea. "Animatu eta parte hartu!" hauxe antolatzaileen gonbita usurbildarrentzat. Izen emateko inprimakiak udarregi.com atarian eskura ditzakezue. Edo bestela, deitu ikastolako idazkaritzara; 943 36 12 16.
Helburu anitz
Eraikin berrian eginiko inbertsioari aurre egin behar zaio. Udarregi Ikastolak gainera baditu, gauzatzeke dituen beste zenbait proiektu ere; hala nola, HH eta LHko eraikin atzealdeko frontoia estaltzea edota ikasturte honetan HH 3-6 urte artean abiatu duten proiektu pedagogiko berrirako azpiegitura osatzen joatea. Honenbestez, argi dagoen moduan, Kilometroak 2015 laguntza ekonomikoa biltzeko baliatuko da.
Helburu ekonomikoetatik haratago ordea, badira Kilometroak egitasmoarekin bete nahi diren beste zenbait erronka ere, aurreko ostiraleko bileran azaldu zutenez; hala nola euskararen erabilera sustatzea, ikastolako proiektua indartzea, edota gure artera etorriko direnei, Usurbil ezagutzera ematea. Kilometroak antolatu izan duten beste udalerrietako esperientziei erreparatuta gainera, Potxoenean ziotenez, datorren ikasturte hau aukera ona izango omen da, hurrengo urteko jaialdia antolatzeko aitzakian, herritarren arteko harremanak estutzeko ere. Elkarlanean, auzolanean oinarrituko baita Kilometroak 2015.
Batzordeak
Urte mugitua dator Usurbilera. "Gu guztion indarra" beharko da, zioten Potxoeneko bileran. Hauexek dituzue Kilometroak 2015 antolatzeko sortu diren lan batzordeak eta lan batzorde bakoitzak izango dituen zereginak:
Ekonomia
Eraikin berria eta datorren urte honetan zehar antolatuko diren ekimenak finantzatzeko lanean jardungo du batzorde honek. "Gure zozketa" izeneko ekimena jarriko asmo dute martxan. Tonbola, salmenta postuak... ere jarriko dira.
Arropa salmenta
Kilometroak 2015eko irudi eta aldarria islatuko dituen arropa salgai izango da urtean zehar, Usurbilen zabalduko den dendan. Bertako kudeaketa lanaz arduratuko da batzorde hau. Honez gain, Gipuzkoa mailan antolatuko diren azoka eta ekimenetan salmenta postua jartzeaz arduratuko da taldea. Zenbat eta jende gehiago apuntatu, orduan eta irteera gutxiago egin beharko ditu talde bakoitzak. Batzorde aproposa, koadrilek izen emateko.
Ingurumena/Garbitasuna
Jendartean gai honekiko jarrera egokiak sustatzeko lanean jardungo du batzorde honek. Aurre lanketa bat ere egin nahi da, hondakinak kudeatzeko modu egokiaren inguruan. Usurbilek gainera, gai honetan ardura berezia duela gogorarazi dute antolatzaileek. Eredu baita jasangarritasunean.
Prebentzioa/Osasuna
Sortu litezkeen ezbeharrei aurre egiteko larrialdi zerbitzuak, sorospen postuak kudeatzeaz arduratuko da talde hau. Aurrelanketa bat ere egin nahi da, urteotan Kilometroak egunez kezka eragin ohi duen alkohol kontsumoaren inguruan.
Zirkuitua/Trafikoa/Segurtasuna
Kilometroak eguneko ibilbidea zehaztea izango da talde honen zereginetako bat, baita jaialdi egunean bertan aparkalekuak edota trafikoa kudeatzea ere.
Muntaketa
Urtean zehar nahiz Kilometroak 2015 ospatuko den egunean beharko diren azpiegiturak muntatu eta desmuntatzeaz arduratuko dira. Muntaketakoak, une honetan, Kilometroak denda prestatzeko lanetan murgilduak dabiltza.
Ikuskizunak
Laguntza biltzeko nahiz Kilometroak 2015 girotzeko, urtean zehar antolatuko diren ekimenak Ikuskizunak batzordekoek prestatuko dituzte. Kilometroak ospatu aurreko asteetan ikusmina sortu ohi duen egitaraua ere batzorde honek landu eta zehaztuko du.
Komunikazioa
Kilometroak 2015ak emango duenaren berri zabaltzeaz arduratuko da batzorde hau, euskarri desberdinen bidez. Herrigintza, eta Udarregi Ikastolak martxan duen hezkuntza proiektu berritzailea ezagutaraztea izango dira talde honen erronka nagusietakoak. Ostiraleko bileran ohartarazi zutenez, kartel pegadarako jendea beharko da.
Txosnak
Urtean zehar antolatuko diren ekimenetan nahiz Kilometroak egunez jarriko diren txosnak kudeatzeaz arduratuko da batzorde hau.
Erronka
Gipuzkoako hainbat ikastolako ikasle talde, kirol proba ezberdinen bueltan lehian jartzen dituen Erronka ospatuko da Usurbilen, ekimenak pasa berri diren Tolosako eta Orioko edizioetan harrera ezin hobea izan ostean. DBHko ikasleen parte hartzea sustatzen duen egitasmo honek, Kilometroak eguna kirola eginez, lagun artean ondo pasatzeko aukera eman nahi da. Erronka antolatzeko batzorde bat osatu da.
Ikasle Batzordea
Udarregi Ikastolako ikasleen parte hartzea sustatu nahi du bilgune honek. Ikasleek ere antolaketa lanetan murgildu eta erabakiak hartzeko gune bat izan dezaten.