Usurbilgo Gaztetxea eraiste arriskuan da, hala ohartarazi dute gaztetxetik NOAUA!ra bidali duten idatzian. Egoera honen aurrean, udalerri honek, "eremu guztiz libre bat" behar duela aldarrikatzen dute, hori argi utzi duela Gaztetxeak jorratu duen bi urteotako ibilbideak.
2012ko abuztuan ireki zutenetik Gaztetxea Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian dago kokatua. Lur eremu horretan, etxebizitza egitasmoa dago aurreikusia. Hona hemen, Gaztetxetik NOAUA!ra igorritako idatzia bere osotasunean:
Kaixo herritar adiskide,
Ez gatozkizu berri onekin oraingo honetan. Udaletxetik jakin berri dugu hainbeste mimoz eta izerdiz eraikitako gaztetxea botatzeko arriskuan dela. Bi urte badira eraikin huts hau berpiztu genuela eta ordutik hona ez da etenik egon lau pareta hauen barru eta kanpokaldean. Albiste txarra da bai, baina gauza guztiek bere alde ona dutenez, denbora honetan hartutako indarra dugu gure alde.
Argi eta garbi gelditu da Usurbilek gaztetxe baten beharra duela, bertan ospatu diren dozenaka ekintzek hala adierazten dute. Baita parte hartu duten herritarrek ere, 3 urteko umetatik hasi eta 80 urtekora, denak pasa baitira beraien hazitxoa uztera noizbait. Eta zeresanik ez herriko gazteak, lokalak eta tabernaz gain, adin eta inguru ezberdineko jendearekin harremantzeko leku baten beharra ikusten baitugu.
Bestalde, eraikitzera doazen eta guretzat omen diren etxe horietan ez dugu soluzio garbirik ikusten, benetako beharra duen gazte batek ezin baitio aurre egin babes ofizialeko etxe batek dakarren gastuari. Udalaren aldetik zintzoagoa litzateke alkiler soziala benetan bultzatuko balu eta nola ez, herrian dauden etxe hutsen aurrean zerbait egiten hasi.
Beraz, nola etsi gaztetxearen magia arriskuan jartzera doazen honetan? Usurbilek eremu guztiz libre bat behar du edozein pertsona, proiektu eta ideien garapenerako, deitu Gaztetxe edo deitu nahi den moduan. Eta hori ezin da aurrera eraman udalaren azpiegituretan.
Nork ez du gozatu 2 urte hauetan Gaztetxearen bizitzaz? Nor ez da dibertitu / formatu bertako ekintzekin? Eta orain berriz…
Ez dadila haria eten!
Ekimen zaparrada
Usurbilgo Gaztetxekoek kaleratu duten idatzi amaierako aldarria, "Ez dadila haria eten!" baliatuta, eraiste arriskuaren aurrean ekimen mordoa antolatu dute datozen asteotarako; haur jolasak, Skate Eguna, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeko kideekin irteera... Momentuz, data eta guzti lotuak dituzten hitzorduak, honako hauek dira:
Urriak 25: Sexu tailerra Kiroldegian.
Azaroak 6: afari beganoa.
Azaroak 22: "Ez dadila haria eten" gaua: Juanantzoneko okupak+Kaotiko.
Abenduak 6: "Kaos y lentejas" jaialdia.