Egunkaria auzia, behin betiko itxita

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 14a, 14:16


Akabo, hamaika urte iraun duen amets gaiztoa. Heldu da azkenean, hainbeste itxarondako absoluzioa. Orain bai, argi esan liteke; Egunkaria auzia itxita dagoela. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzi ekonomikoa ixtea berretsi du. Ondorioz, 8 auzipetuak libre geratu dira; herritar bat tartean, Joan Mari Torrealdai. Eta berarekin batera, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu. 

Epaitegiko erabakia ezagutzen kosta da. Irailaren 19rako espero zen. Eta ia hilabete beranduago heldu da, 11 urteko amets gaiztoaren amaiera. Irailaren 18an Donostiako auzitegi atarian ateratako argazkia duzue goikoa. Elkarretaratzea burutu zen, epaileen erabakia ezagutzea aurreikusten zen egunaren bezperan. 

"Egunkariaren auzi hau bukatzea eta epaiketa gehiago ez egotea eskatzen dugu", adierazi zuen mobilizazio haren amaieran eta auziperatuen izenean, Iñaki Uriak. Fiskaltza zen epaiketa egitea eskatzen zuen bakarra, ez baita ahaztu behar, epaileak berak ere auzia artxibatzea erabaki zuela uda aurretik. Erabaki haren aurrean ordea, helegitea aurkeztu zuen Fiskaltzak. Egunkariaren defentsak helegite hura inpugnatu zuen. Horren aurrean, epaileak zuen azken hitza. Eta epaitegiak hitz egin du; Egunkariaren auzi ekonomikoa artxibatzea berretsi du.

Honenbestez, Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubeltzu aske geratu dira. Epaileak ez du onartu, Fiskaltzak zortzi lagunontzat eskatzen zuen 128 urteko kartela zigorra eta 221 milioi euroko isuna.