“Historikoki abagune paregabe baten aurrean gaude, orain dela bi urte ereindako hazitik sagarrondo eder bat jaio baita. Gure sagardotegi propioa sortzeko sagarrondoa eta sagarrari ahalik eta zuku gehien ateratzeko eta anbizio handiko proiektua gauzatzeko tresna. Guztion artean sortutako sagardotegi propio hori izango da gaur, gure eskualdeko udalerrietan ordezkarien bidez proposatzen dizuegun garapen integraleko agentzia berria. Datozen asteetan udaletara eramango dugu proposamena, sostengua eman diezaioten eta hartara Buruntzaldeko garapen sozioekonomikoari, etorkizun berri bati ateak irekitzeko moduan egon gaitezen”. Egitasmoa, eskualdeko sei udalen, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen eskutik dator.
Azken bi urteotako udalon elkarlanari esker eta “aro berri bat abian jarri dezakeelakoan” aurkeztu dute gaur egitasmoa Buruntzaldeko udalek, Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean egin zuten agerraldian. Modu honetan, eskualdeak duen gabezia bati erantzun nahi zaio. Gipuzkoa mailan garapen agentzia bat ez duen eskualde bakarra baita Buruntzaldea. Beste eskualdeetan aldiz, esperientzia handia dute alor honetan.
Beharra handitzen
Buruntzaldean azken bi urteotan hainbat urrats eman dira. 2012ko maiatzean, garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko Eskualdeko Lankidetza Protokolo Orokorra izenpetu zuten, Buruntzaldeko sei udalek. Ordutik, eskualdeko enplegu plana landu dute, sindikatu, enpresa, langabetuen elkarte, heziketa zentro, eta abarrekin. Horri esker, enpresa berriak sortzeko prestakuntza edota enpresa sortu berriei laguntza eskaintzen aritu dira.
Lan karga handitzen joan da gainera, egun, “Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren diru-laguntzak kudeatzea eta horrekin batera udalek eskualdeko enplegura zuzendutako milioi bat eurotik gorako ekarpenak” egitera heldu dira. Horregatik defendatu zuten garapen agentzia baten beharra duela Buruntzaldeak; egungo lanak kudeatu eta etorkizunean proiektu handiagoak prestatzeko; “inguruko enpresetan hobekuntzak eta berrikuntzak egiteko, klusterrak sortzeko, gure baliabideak internazionalizatzeko.... ·”.
Agerraldian, udal ordezkariek egitasmo honen alde egin duten guztiak zoriondu nahi izan dituzte. Gogoan izan dituzte bereziki, eskualdeko udaletako teknikariak. Eskualde mailako halako egitura baten faltan, urteotan egin duten lankidetza eta elkarlanagatik.