Udal ordezkariak blai, ELA gaixotasuna dutenen alde

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 14a, 20:55


Nork ez ditu ikusi sarean edo telebistan, pertsonaia ezagun zein ezezagunak, izotzez beteriko baldeka ura burutik behera botatzen? Uda honetan, mundu mailan ezaguna egin den ELA gaixotasuna dutenen aldeko elkartasun kanpainaz ari gara. Ekimena Usurbila heldu da gaur arratsaldean, Lizaso sendiaren eskutik. Lizasotarrek erronka jarri zieten udal ordezkariei, kanpainarekin bat egin zezaten. Udalbatzak erronkari heldu eta blai amaitu dute udaletxe aurreko plazan, astearte honetarako deitua zegoen osoko bilkura bukatu ostean. 

Baldeka ura botatzen hasi aurretik, udal ordezkariek ongi azaldu duten moduan, ekimena ez da noski blai amaitzera mugatzen. Garrantzitsuena, ELA gaixotasuna dutenen aldeko laguntza ekonomikoa ematea baita. Udalak 500 euroko ekarpena egin du. Horrez gain, zinegotzi bakoitzak ere bere ekarpen ekonomikoa egin du. 

Eurak bezala, baldeka urez busti edo ez, kanpaina diruz lagundu dezakegu. Ekarpenak honako kontu zenbakian egin behar dira: 
AdELA Euskal Herria: ES74 3035 0060 44 0600080648 (Laboral Kutxa).
Informazio gehiago: adelaeuskalherria.com

Udalaren izendapenak
Eta honez gero jakingo duzuen moduan, etenik ez duen kate bat da elkartasun kanpaina hau. Ekimenarekin bat egiten dutenek, erronka unean bertan, beste hainbat lagun animatzen dituzte parte hartzera. Adi, honako hauek izendatu baititu Usurbilgo Udalak, ELA gaixotasuna dutenen alde bustitzeko; Usurbilgo udal langileak, Udarregi Ikastola eta Lasarte-Oriako Udala. Ia animatzen diren.