"Azaroaren 8an, denok Zurriolara!", Gure Esku Dago taldekoen deia

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 16a, 13:59


Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate historikoa ospatu zenetik bost hilabete beteko diren egunean, azaroaren 8an, Donostiako Zurriola hondartzara gerturatzeko gonbita luzatu dute Gure Esku Dago mugimendutik. Mosaiko erraldoi bat osatu nahi da herritarrekin, euskaldunon erabakitze eskubidea aldarrikatzeko eta baita noski, Espainiatik kataluniarrei emandako ezetzari erantzuteko ere. Adi, ekimenean parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena. Usurbilgo Gure Esku Dago Taldeak, urriaren 24,25 eta 26an, baita azaroaren 1 eta 2an ere apuntatzeko mahaia jarriko dute Kaxkoan. 

Hauxe Gure Esku Dago mugimendutik NOAUA!ra helarazi duten oharra:

Azaroaren 8an, denok Zurriolara!!
Erabakitzeko eskubidearen eztabaida puri-purian dabilkigu egun hauetan, ezagutzen baitugu jada Espainiako Gobernuak Kataluniako jendartearen gehiengo zabalari emandako erantzuna. Kataluniarrek beren etorkizuna erabaki nahi dute eta Espainiatik ezezko borobila eman zaio eskaera demokratiko horri.

Kataluniako gizarteari, erabakitzeko eskubideari eta, finean, demokraziari egindako eraso honen aurrean, euskaldunok erantzun garbia eta ozena eman behar dugula uste dugu Gure Esku Dagon. Horregatik, azaroaren 8an Donostiako Zurriola hondartzan egingo den mosaiko erraldoira gonbidatzen zaituztegu usurbildar guztioi. Izan ere, nazio guztiek duten autodeterminazio eskubidea da debekatzen dena: beraz, azaroaren 8ko mosaiko erraldoiak, Kataluniarekiko derrigorrezko elkartasun keinua izateaz gain, euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen aldeko indar erakustaldia ere izan behar du.

Esan bezala, mosaikoa Zurriolan egingo da azaroaren 8an, 11:00-13:00ak bitartean. Ekitaldi ikusgarria eta berezia egin nahi da eta guztia ondo atera dadin, aldez aurretik izena eman beharko du bertan parte hartu nahi duenak (bakoitzak bere herrian). Partaide bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu eta trukean mosaiko erraldoia egiteko erabiliko dituen aterkia eta zira jasoko ditu. Izen ematea bideratzeko, Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak mahai ibiltaria aterako du kalera urriak 24, 25 eta 26an eta azaroak 1 eta 2an.

Azaroaren 8an Zurriolan ikusiko gara, Kataluniako prozesuaren eta demokraziaren defentsan!