"Espainiar ejertzitoa ez da ongi etorria Usurbilen"

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 20a, 12:09


Militar espainiarren bisita izan genuen Usurbilen joan den astean. Atxegaldetik gora, ikastola zeharkatuz, Arratzain aldera zihoazela ikusi ahal izan zituzten militarren hiru konboi, hainbat herritarrek. Eurek ateratakoa da goiko argazkia. Aurreko asteazkenean, 12:30ak aldera izan zen, hain zuzen ikasleak ikastolatik ateratzen ari ziren unean. 

Gertaera hau probokaziotzat jo du Usurbilgo EH Bilduk, NOAUA!ra igorri duen honako gutunean:

ESPAINIAR EJERTZITOA EZ DA ONGIETORRIA USURBILERA
Inolako jakinarazpenik gabe Espainiako Ejertzitoa Usurbilen izan da. Usurbilgo EHBildutik probokaziotzat jotzen dugu Espainiar Ejertzitoa Usurbilera etorri izana eta herrian ez dela ongietorria adierazi nahi dugu.

Urriaren 15eko eguerdian (12:30ak inguruan) Atxegaldetik barrena Udarregi ikastola aurretik pasa ziren eta jarraian, Arratzain aldera joan ziren. Bertan ziren herritarren bidez jakin genuen 2 kamioi eta auto batez osatutako konboia pasa zela bertatik. Oraingoz Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioaren aldetik inolako informazio edo jakinarazpenik ez du jaso Udalak.

Espainiar Ejertzitoak gerra-makineria eta armak erabiltzen ditu. EHBildutik hauek egun bizi dugun egoera politikoan lekurik ez dutela adierazi nahi dugu; batetik biolentzia-adierazpen guztiak desagertu behar dutelako eta bestetik Euskal Herriaren desmilitarizaziorantz pausoak eman behar direlako.

Usurbilgo EHBildutik Espainiako Gobernuari azaldu nahi diogu herri honek ez duela ezertarako bere ejerzitoa behar, ez gaituela ezertaz defenditzen, eta are gehiago, mehatxua bezala hartzen dugula, eta horren ondorioz, bere indar militarrak Euskal Herritik ateratzeko eskatzen diogu. Gatazka gainditzeko une historikoa bizi dugun honetan militarrek halako erakustaldia egitea probokazio hutsa izateaz gainera, bake eta normalizazio prozesuaren kalterako izan daitekeela uste dugu. Era berean, Euskal Herriko izpiritu eta aldarrikapen antimilitarista aldarrikatu nahi dugu, insumisio mugimenduek eta kontzientzia eragozpenaren aldarriak gogoan izanda.

Ejerzito Españolaren maniobrarik ez!

Ez Usurbilen, ez Euskal Herriran ere!

Usurbilgo EHBildu