Valderejon egon berri dira, eta orain, hurrengo txangorako prestatzen dabiltza jada. Azaroaren 9rako antolatu du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, datorren irteera; Fitero aldera. "Ibilaldi erraz eta lasaia" lehenik, Fiteroko bainuetxean lasaitzeko aukera segidan, bazkari legea egin jatetxean eta arratsaldean Usurbila itzulera. Egun "konpletoa" beraz.
Ibilaldiari dagokionez, lau bat ordukoa izatea aurreikusten dute antolatzaileek. "Fiteroko zubian hasiko dugu ibilaldia. Inguruko baratze emankorretatik pasatuz Las Roscas mendi ezagunera igoko gara. Mendi apala bada ere, Nafarroako Erriberako ikusgarrienetako bat da, 594 m. Buztinak, hareak eta konglomeratuen higadurak paisaia harrigarri bat sortu du Fiteroko inguru hauetan", Andatzakoen esanetan. Eguerdi partera arte luzatuko den ibilaldian, Venta De Bañoseko elurzuloa, edota Alhama ibaiaren bailaratik Cervera aldea eta bertako gaztelua bisitatu asmo dute.
Txangoa amaitu ostean, atseden hartzeko aukera bikaina. Fiteroko bainuetxeko instalakuntzak ezagutu eta kanpoko igerileku beroan lasaitzera joango dira mendizaleak. "Ez dira ahaztu behar bainu jantzia, toalla, txankletak eta uretako txanoa", antolatzaileek ohartarazi dutenez.
Merezitako bazkaria gero eta arratsaldean Usurbila buelta. Hauxe eguneko egitaraua:
Azaroak 9, igandea
7:00 Irteera autobusez, Fiterora.
9:00 Ibilaldia: Fitero-Las Roscas-Venta de Vaños-Cervera del Rio Alhama.
12:45 Autobusez Fiteroko bainuetxera.
14:00 Autobusez bazkaltzera, Sanda jatetxera.
Ondoren, itzulera.
Antolatzailea: Andatza M.K.T.
Informazio gehiago: andatzamendizale.info
Mendi Astea
Azaroan, hilabeteroko txangoarekin batera, Mendi Astea ere ospatuko da. Andatzakoek finkatuak dituzte jada ekintza egunak; azaroaren 26,27,28 eta 29a. Zehaztasun gehiago, aurrerago.