Azaroaren 1ean, goiz eta eguerdi partean frontoian, denetariko produktuak lantzen dituzten artisauak bilduko dira beste behin Usurbilen. Guztira, 30 bat postu jarriko dituzte frontoian; ukenduak, goxogintza, esnekiak, bitxiak, otarrak, eskultura-pintura... Azoka, ekainean 20 urte bete zituen Aitzaga Elkarteak antolatuko du. Ixteko arriskuan den elkarteak hain zuzen. Artisautza Azoka, Aitzaga, beste ehun bat elkarte bezala, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiaren zain dagoen honetan ospatuko da. Egoera zaila izan arren, urtero moduan azoka antolatzea erabaki dute.
Ixteko arriskuan den Aitzaga Elkartearen eskutik beraz aurten ere, Usurbilen errotua dagoen ekimena. “Nahiz eta lehen ere sei urtez elkartea itxi ziguten, azokak ez du etenik izan eta urtero hor izan dugu guztion ikusgarri. Aurten ere erasoak ez du etenik eta Hego Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat elkarte bezalaxe, Aitzagak ere Madrilgo erabakiaren zain jarraitzen du. Egoera erosoa ez izan arren, azokarekin jarraitzea erabaki dugu”, Aitzaga Elkartetik berri eman dutenez.
Oparitarako aukera ederra
Denetariko artisau postuak bisitatu, eta erosketaren bat egiteko aukera izango da, azaroko lehen egunean frontoian. Bertaratzeko gonbita luzatzen zaie herritarrei. “Ikusi eta erosketak eginez gozatu ezazu”, hortxe antolatzaileen gonbita.
Eguna: azaroak 1, larunbata.
Ordutegia: 11:00etatik aurrera.
Tokia: frontoia.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.