Erraldoi eta buruhandien kalejira, Artisautza Azoka egunean

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 22a, 12:39


Azaroaren 1erako Aitzaga Elkarteak antolatu duen XIX. Artisautza Azoka, gaztetxoen erraldoi eta buruhandi kalejira batek girotuko du. Goizeko 11:30etan abiatuko da udaletxe aurretik eta giro euritsurik ez bada, Kaxkoko buelta egingo dute. Txikien festa handia izango da, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kide gaztetxoek eramango baitituzte erraldoi eta buruhandiak. 

Momentuz, kalejiran parte hartuko dutenak 3 erraldoi eta festetan ezagunak zaizkigun buruhandiak ditugu. Erraldoi txikiak izango dira, 3 metrokoak, haurrek eramango dituzte eta. Besteak beste, euskal mitologiako bi pertsonaia ikusiko ditugu herriko kaleetan dantzan; Tartalo eta Basandere. Buruhandiak, aipaturikoa, Santixabeletan haurren atzetik lasterka ibili ohi direnak; akerra, tximua, deabrua, sorgina, behia eta pailazoa.

Kalejira irekia izango da. Festara batu nahi duenak, batu dadila. “Guraso eta umeak animatu daitezela. Erraldoiekin batera, buruhandi festa bat nahi dugu. Umeak euren etxetik buruhandiak ekartzera deitzen ditugu, konpartsarekin batera ateratzeko. Animatu!”, luzatu dute gonbita Usurbilgo erraldoi eta buruhandi konpartsako kide gaztetxoek.

Herriz herri
Konpartsa Artisautza Azokarako prestatzen ari da orain, udan festarik festa ibili ostean. “Hernaniko Ostargi taldekoekin Errenteriara eta Azpeitiara joan ginen. Azpeitian erraldoi lehiaketan parte hartu genuen lehen aldiz, eta taldekako dantzan Txantreakoekin berdindu genuen, Euskal Herriko erraldoi talde onenarekin”, konpartsa kide gaztetxoek NOAUA!ri berri eman diotenez.

Hernaniko Ostargikoekin lotura estua dute, erraldoi bat dute bertan. “Urtero hona etortzen dira. Han ere erraldoi txiki bat dugu, aurten eginikoa, Aker izena du”, konpartsa kideen esanetan. Erraldoiak lantzen ere aritzen dira argi denez, baita koreografiak ere. Ibilbide oparoa, 3 urte jardunean daramatzan konpartsarena.

Aitor Aiestaran gaztearen ekimenez sortu zen taldea, duela bi urteko Inauteri Festaren bueltan. Hitzordu hartan parte hartu ostetik, taldean jarraitzea erabaki zuten. Azken urteotako mozorro festan, edota jaietan ere ikusi ditugu, kalean gora eta behera dantzan. Koreografia batzuk irakatsi dizkiete, baina dantza berrien sortze lanetan aritu da taldea. “Bi behintzat erakutsi zizkiguten eta hortik aurerakoak gu joan gara sortzen. Ez dira lehenengoan ateratzen, agian hamar aldiz entseatu behar ditugu ondo ateratzeko. Dagoeneko jende guztiak ezagutzen ditu gure dantzak”, konpartsa kideen esanetan.

Artisautza Azokarekin amaituko dute konpartsakoek aurtengo jarduna. 2015ean irtengo dira berriz kalera. Euren agendan apuntatua duten lehen hitzorduen artean, Usurbilgo Inauteri Festan parte hartzea.

Kalejirara batzeko deia
Eguna:
azaroak 1, larunbata.
Irteera: 11:30etan, udaletxe aurretik.
Ibilbidea: udaletxeko plaza, Kale Nagusia, Zubiaurrenea, Artzabal, Txapeldun taberna aurrea, Mikel Laboa plaza ingurua, frontoia eta udaletxea.
Antolatzailea: Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.