Igandean telebista kateak sintonizatzera

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 24a, 08:46


Telebista ikusten jarraitu nahi baduzue adi. 4G izeneko teknologia berria datorkigu etxeetara. Interneterako konexioa azkartuko omen du. Teknologia berri honen etorrerak ordea, telebista kateetan eragingo du. Berriz sintonizatu beharko ditugu igande honetan bertan, urriaren 26an. Antza, 4Gren eraginez, "telebista kateak frekuentziaz aldatuko dira eta honenbestez, berriz sintonizatu beharko dira". Hala adierazi dio NOAUA!ri, herri honetako hainbat eraikinetako antena instalakuntzak ederki ezagutzen dituen Patri Alda teknikariak. 

Badirudi, igandean, telebista piztean, kateak desordenatuta ageriko zaizkigula. Orain arte, telebista kate bat ikusten genuen lekuan beste bat ikusi dezakegu. Honenbestez, telebista kateak sintonizatuta arazoa konponduta. Telebista kateak bi frekuentzia ezberdinetan ikusi ahalko ditugu urte amaierara arte; hau da, telebista kate bakoitza bitan. Baina adi, "itzalaldia" dator eta urtarrila hasieran. Telebista kateak egun genituen frekuentziatik desagertuko dira, eta frekuentzia berrian baino ezingo dira ikusi. Horrek zer esan nahi du? 2015ean telebista ikusten jarraitu nahi baduzue, zenbait kasutan, egokitzapenak egin beharko dituzuela etxeetako antena instalakuntzetan. 

"Etxeetako instalakuntzak prestatu behar dira. Kasu batzuetan, anplifikadore berriak jarri behar dira. Badira ere egoera onean egon daitezkeen anplifikadoreak. Adibidez, 8 urtetik hona egindako obra berri bat bada, lehengo anplifikadoreak erabili ditzakete. Bestela aldatu. Bestalde, antenarik ez duten etxebizitzetan, telebistako seinalea zuntz optiko bidez jasotzen dutenek ere ez dute obrarik egin beharko", adierazi dio NOAUA!ri Patri Alda teknikariak.

Zalantzarik baduzue, onena teknikariekin harremanetan jartzea. Haien eskutik jasoko duzue behar beste informazio eta argibide. 

ETB ikusteko arazorik ez aurrerantzean
Datorren aldaketak zenbait hobekuntza ekarriko omen ditu; batetik, Interneterako konexioa azkartuko du, baita orain arte, konexio arazoak zituzten landa eremuko hainbat lekutan ere. Honez gain, hainbat herritarrek ETB ikusteko duten arazoa ere konponduko omen da. 

Bada denbora eta, hainbat etxeetan ETB ikusteko arazoak dituztela, Patri Alda teknikariaren esanetan, "Agentzia teknikoen arabera, Burdeosetik datorren interferentzia baten eraginez. Bitxia da Usurbilgo kasua. Usurbilen markaren bateko telebistek ETB ikusteko arazorik eman izan dute, Frantziatik zetorren seinale horrengatik. Datorren aldaketa hau, ETB ikusteko arazoa dutenen hoberako izango da". 

Esandakoa beraz; igande honetan, urriaren 26an, telebista kateak sintonizatu beharko ditugu. Eta hortik aurrera, urte amaierara arteko tartea dago, etxeetako antena instalakuntzetan aldaketarik egin behar bada egiteko.