Azaroaren 8ko mosaiko erraldoirako izena ematen hasi dira herritarrak

Noaua Aldizkaria 2014ko urriaren 27a


Gure Esku Dago taldeak, asteburuan kalean jarritako izen emate mahaiari ateratako argazkia duzue ondokoa; bozka paperak dituen "bahituriko" hautesontzi bat ageri da irudian. Modu honetan irudikatu dute, azaroaren 9an Katalunian deitua dagoen galdeketa egiteko, Espainiatik katalanei heldu zaien debekua. Debeku horri erantzun bat eman beharra dagoela dio Gure Esku Dago mugimenduak, eta irudiko mahaia atera dute kalera asteburuan. 

Izen emate mahaia da, azaroaren 9an Katalunian egitekoa den galdeketaren bezperan, Donostiako Zurriola hondartzan antolatu duten mosaiko erraldoian apuntatzeko mahaia hain zuzen. "Kataluniako gizarteari, erabakitzeko eskubideari eta, finean, demokraziari egindako eraso honen aurrean, euskaldunok erantzun garbia eta ozena eman behar dugula uste dugu Gure Esku Dagon". Horregatik, eta euskaldunon erabakitze eskubidearen defentsan, herritarrak Donostian egingo den ekimenean izen ematera animatzen dituzte.

Hitzordua azaroaren 8an, 11:00-13:00 artean, Donostiako Zurriola hondartzan. Bertaratzeko gonbita luzatzen digute, “Kataluniako galdeketaren bezperatan eta Eskoziako erreferenduma pasata, gu ere erabakitzeko eskubidea noizbait egikaritzeko lanean ari garela adierazteko”. 5.000 herritar bildu nahi dituzte.

Mosaiko erraldoian parte hartzeko ordea aurrez izena eman beharko da. Horretarako, pasa berri den asteburuan bezala, apuntatzeko mahaia jarriko du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak datorren asteburuan ere. Izen ematerakoan 5 euro ordaindu beharko dira. 5 euro horiekin, ekimenean erabiliko den material gastuei aurre egin nahi zaie. Halere, antolakuntzatik ohartarazi dutenez, “esan gabe doa, inork 5 euro horiek ordaindu ezingo balitu, ezingo dela hori parte hartzeko muga bat izan”.

Txartela lortu behar
Adi, mosaiko erraldoian parte hartzeko mekanismoari. Gure Esku Dago taldeak jarriko dituen mahaietan izena ematen duenak, trukean txartel bat jasoko du. Txartel hori ondo gorde eta azaroaren 8an Zurriolako hondartzara eraman. Hiriburuko hondartzan, txartela erakutsita mosaiko erraldoian parte hartzeko beharrezko materiala jasoko da: petoa eta aterkia. Ekimena amaitu ostean, materiala norberarentzako izango da.

“Mosaikoa egiteko bi material erabiliko ditugu: koloretako aterki eta petoak. Eta noski, hirugarren osagaia gu geu izango gara! Herritarrak! Aurrez diseinatutako irudi batzuk denon artean osatuta ahaleginduko gara geure lanari merezitako bultzada ematen. Egunean bertan, beraz, mosaikoa egiten lagunduko diguten teknikoen esanari kasu egitea nahikoa izango da irudi ederrak sortzeko!”, antolatzaileen esanetan.

Euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimen berri honetan parte hartu nahi duzuenok gerturatu beraz izen emateko mahaira, egun, ordu eta lekuotan:
Urriak 31, ostirala: 19:00-21:00, Kaxkoan.
Azaroak 1, larunbata: 12:00-14:00, Kaxkoan.
Azaroak 2, igandea: 12:00-14:00, Kaxkoan.

Oharrak: 
-Kaxkoan, eguraldiaren arabera, Sutegi atarian edo Mikel Laboa plazan jarriko dute izen emate mahaia.
-Urriaren 25etik aurrera, Lizardi liburu dendan ere izena eman ahalko da.
Prezioa: 5 euro.

Deitzailea: Usurbilgo Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net