Tipi-Tapa "gosez" bazineten, laster aseko zarete. Egun gutxi barru. Igande honetan, azaroaren 2an abiatuko baita, Hurbilago Elkarteak bideraturiko ekimenaren hirugarren denboraldia. Sasoi betean, berrikuntzekin, indartuta ekingo diote hileroko hitzorduari. Koloretsua, ikusgarriagoa den irudia berriarekin. Ikusi bestela, Tipi-Tapa iragartzeko igandean bertan taberna atarietan aurkituko dituzuen kartelak (albiste honetan beherago). Edo erreparatu pintxoak eskatzerakoan, tabernarien kamisetei. Ekimena iragartzen duten jantziak ere atera dituzte aurtengoan.
Irudi berriarekin batera, sari gehiago; batetik, iaz bezala, Hurbilagoko kide diren establezimenduetan xahutzeko 150 euroko erosketa balea zozketatuko dute hilero. Baina honez gain, baita bi lagunentzako otordu bat ere, egitasmoan parte hartzen duten zazpi tabernetan.
Zazpi tabernek jarraituko dute eta Tipi-Tapan; Txiribogak, Aitzagak, Xarmak, Txirristrak, Bordatxok, Artzabalek eta Txapeldunek. Tabernariak pozik asko dira, denboraldi berriari ekiteko prest. Agerreazpi ondoko udal baratzean bildu dira gaur arratsaldean zazpi edaritegietako ordezkariak, lurra lantzeko tresnekin. Lanerako prest, ilusionaturik.
Patatadun pintxoak
Pozik egoteko arrazoirik badute eta, ibilbide gastronomikoak herritarren artean izan duen harrerarekin. Aipatu moduan, euren sukaldeetan mimo handienarekin prestaturiko pintxoak zerbitzatzeko prest dira. Igande honetan, denboraldi berriko lehen hitzordua. Azaroaren 2an, goiz eta eguerdi partean, 15:00ak arte, Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiribogara gerturatu eta gozatu, oraingoan patata osagai nagusi izango duten pintxo bereziez. Adi menuari; patata krux krux espeziekin, piper gorri eta arrautzatxoa; patata eta hirugihar budina, patata entsalada, ganbaz beteriko patatak, patatak onddo kremarekin… Edariarekin batera (urteko ardoa, txakolina, sagardoa, zuritoa edo ura) eta mokadutxoa, iaz bezala, 2 euroren truke.
Pintxoak eskatzen joan ahala gogoratu, Tipi-Tapa txarteleko zigilua lortzeaz. Zazpi tabernetako zigiluak eskuratzean, txartela edaritegiotan jarriak egongo diren kaxetako batean utzi. Gero, igandean bertan, 15:00etan zozketa egingo da. Aipatu moduan, bi sari zozketatuko dira; batetik, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko 150 euroko erosketa balea. Eta aurrerantzean, hilero, zozketa ospatuko den tabernak berak bi lagunentzako otordu bat oparituko du, parte hartzaileen artean. Igande honetako zozketa, 15:00etan Aitzagan izango denez, bi lagunek herrikoan afaltzeko saria eskura dezakete.