Aurreikusitakoa baino gastu gutxiago eta irabaziak, aurtengo Santixabeletan

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 28a, 09:00


77.000 euro pasatxoko diru partida aurreikusia zegoen Usurbilgo Udaleko kultura eta zerbitzuetako aurrekontuetan, 2014ko Santixabeletarako. Baina azkenean, 6.000 euro gutxiago gastatu dira, eta gainera, 2.000 euroko diru sarrerak jaso ziren, uztailaren 1etik 6ra ospatu ziren herriko festetan. Jai Batzordeak aurtengo Santixabelen inguruan egindako balantzetik ezagutzera eman dituen datuek hala diote.

Aurrekontuko diru kopuru handiena, kontzertu, txaranga eta erromeria taldeak kontratatzera bideratu da; ia 18.000 euro. 5.000-6.000 euroren bueltan kosta dira, txosnaguneko ekintzak, Haurren Egunekoak, herri kirolak, 220 adinekoen bazkaria... Aipatzekoa halere, kasu gehienetan, aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu dela.      

Nabarmentzeko alderdi gehiago. "Santixabel jaietako aurrekontuan azpimarragarria da, kultur eragileekin batera kudeatutako aurrekontua dela: kultur eragileek proposamenak aurkezten dituzte, Jai Batzordean proposamenak aurrekontuetan dagoen diruari egokitzen zaizkio, talde bakoitzari ekintza antolatzeko behar duen dirua ematen zaio eta azkenik, ekintza egin ondoren, zuritu egiten da", Jai Batzordetik berri eman dutenez.
 
Santixabeletako Jai Batzordeak ezagutzera eman duen balantzea xehetasun guztiekin, hemen: Santixabelak 2014, balantze ekonomikoa