Haurrentzako zine zikloa euskaraz, igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 28a, 07:50

Aurreko ikasturtean bezala, oraingoan ere film sorta proiektatuko du Usurbilgo Udalak haurrentzat, udazken eta negu parte honetan. Azaroan hasi eta martxora bitarte, hilero lehen igandeetan. Estreinako proiekzioa, igande honetan bertan, azaroaren 2an. 17:00etatik aurrera Sutegin, “Bram Barrabas”. Filma ikusteko sarrerak 3 eurotan salgai izango dira, emanaldia hasi aurretik, Sutegin bertan. “Bram Barrabas” 6-10 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago. Filmeko protagonista Brammetje Baas (Bram) da. 6 urte ditu eta ez da gelditu ere egiten. Alaia da, kementsua, benetako abenturazale eta asmatzailea. Gehiago jakin nahi? Filma ikusi besterik ez duzue igandean.



Gazteentzako proiekzioak
Etxeko txikienei zuzenduriko euskarazko film zikloa antolatzea erabaki du berriz Usurbilgo Udalak, iazko edizioak izandako arrakastaren ostean. Udaletik emandako datuen arabera, bataz beste 130 bat haur gerturatu ziren Sutegiko auditoriora euskarazko filmak ikustera. Edizio berri honetan ere ziur haur mordoa gerturatuko dela kultur etxera. Haurrentzako bakarrik ez gainera, 12-16 urte inguruko gazteei begirako filmak ere proiektatu asmo ditu Usurbilgo Udalak. Aurrerago emango dute zehaztasun gehiagoren berri.