Katalanen erabakitze eskubidea bermatzea eskatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 29a, 11:45


Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Katalunian azaroaren 9rako deitua dagoen herri kontsulta bertan behera uztearen aurka agertu da udalbatza, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Gai honen inguruan, EHBilduk eta EAJ-PNVk adosturiko mozioa aurkeztu zuten. Gehiengo osoz onartu zen; EHBildu, EAJ-PNV eta Hamaikabaten aldeko bozkekin. PSE-EEko udal ordezkaria testuaren aurka agertu zen.

Herrien eta pertsonen erabakitze eskubidea defendatzen du mozioak. Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak erakutsitako jarreraren aurka agertzen da, eta azken epaitegi honi, kontsulta bertan behera uzteko hartutako erabakian atzera egitea eskatzen dio. Hauexek dira mozioko lau puntuak:

1-Usurbilgo Udalak defendatzen du herriek eta pertsonek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna dutela, berriki Eskozian ikusi den moduan. Izan ere, Usurbilgo Udalaren ustez, etorkizuna ezin da inposizioekin eraiki, oinarri demokratikoen eta herriek eta pertsonek adierazitako borondate askearen gainean eraiki behar da.
2-Usurbilgo Udala ez dago inola ere ados Espainiako Gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiarekin, katalanek beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidearen aurkakoak baitira.
3-Usurbilgo Udalak eskatzen dio Konstituzio Auzitegiari bi xedapen horiek behin-behinekoz bertan behera uzteko erabakian atzera egiteko eta aukera emateko katalanei 2014ko azaroaren 9an askatasunez adierazteko beren iritzia.
4-Usurbilgo Udalak erabaki hau Espainiako Gobernuari, Konstituzio Auzitegiari eta Kataluniako Generalitateari bidaliko dio.






PSE aurka. Alde gainerakoak.