Liburuak mailegatzeari loturiko kanonaren aurka udalbatza

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 29a, 07:43


PPren Gobernuaren azken erabaki polemikoa. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, 5.000 biztanletik gorako udalerrietako liburutegi publikoek, mailegaturiko liburu edo erregistraturiko erabiltzaile bakoitzeko kanon bat ordaindu beharko diete egile edo editore elkarteei. Espainiako Gobernuak Errege Dekretu bidez onartu zuen, uztailaren 18an. 

Honen aurka agertu da Usurbilgo Udala, EHBilduk atzo burutu zen osoko bilkurara eramandako mozio baten bidez. Kanona bera eta kanon horren edozein ordainketa bertan behera uztea eskatzen du bi puntuko testuak. Mozioa aurkeztu ostean, PSE-EEko udal ordezkariak testua puntuz puntu bozkatzea proposatu zuen. Edukiaren alde bazegoen ere, kanona ez ordaintzeko mozioak jasotzen zuen eskaera, legea ez betetzea zela, eta honenbestez jarrera arduragabea zela zioen Ricardo Crespok. Puntu horretan, abstenituko zela iragarri zuen ordezkari sozialistak.

Proposamena aintzakotzat hartu zuen udalbatzak eta beraz, testua puntuz puntu bozkatu zuten. Hauek dira mozioko bi puntuak, eta puntu bakoitzaren segidan, udal taldeen bozketen emaitza:

1-Uztailaren 18ko 624/2014 Errege Dekretuak ezarritako kanona atzera botatzeko eta bertan behera uzteko eskaera egitea, liburu-maileguaren eta liburutegiaren alorrean legeek ezartzen dituzten betebeharrak urratzen dituelako.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.

2-Tokiko, foru-aldundietako eta autonomia-erkidegoetako liburutegi publikoetan kanon horren edozein ordainketa bertan behera uztea.
Bozketaren emaitza: gehiengo osoz onartua. EHBildu, EAJ-PNV eta Hamaikabat alde. Abstentzioa: PSE-EE.