Udalbiltzari diru ekarpena egiten dioten udal ebazpenei helegitea jartzen ari da, Espainiako Gobernuak EAE-n duen ordezkari Carlos Urquijo. 18 udalek jada jaso omen dute errekerimendua, askoz gehiago izan daitezke ordea. Lehenbiziko epaiketa eguna ere finkatua dago; azaroaren 11n, Irurako udal akordio baten aurka.
Eraso larritzat eta ordagotzat jo du Udalbiltzako lehendakari eta Usurbilgo alkate Mertxe Aizpuruak, Urquijok aurkezturiko helegite sorta. "Udal autonomiaren eta tokiko erakundeek lankidetzarako duten eskubidearen aurkako eraso larria da hau", kaltetutako herri ordezkariekin batera, Donostiako Miramar jauregian egin duten agerraldian, Aizpuruak zioenez.
Udalbiltzaren jarduna eteteko nahia
Erakundea bera arriskuan jar dezakete helegiteek, aurrera egiten badute, finantziabiderik gabe geldituko litzateke eta. Udalbiltzaren jardunbidearen aurkako erasoa da hau partzuergoarentzat. Usurbilgo alkatearen esanetan, Urquijoren helegiteen bidez, "eten nahi dituzte zenbait erakunde eta eragile sozialekin batera sustatzen ari garen jardunak herri hau garatu eta kohesionatzeko".
Egoera honen aurrean, partzuergoarekiko lankidetza indartzera eta Udalbiltzaren jarduera oztopatzeko saiakera berri hau arbuaitzera deitu du Udalbiltzako lehendakariak.
Udalen diru ekarpenen bidezkotasuna eta herri onura defendatu ditu Mertxe Aizpuruak, "partzuergoaren helburuek bat egiten baitute udalek dituzten eskumenekin, eta ekarpen hauek, gainera, tokiko garapenean zein udalentzako eta herritarrentzako zerbitzuetan itzultzen baitira". Erakundea bera, auzitegietan defendatzeko prest agertu dira gaurko agerraldian.