Kataluniari buruzko hitzaldia, "Desentxufatuak" eta Garatera irteera, Kulturaldia borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 30a, 10:08

Aurtengo Kulturaldiko "azken traka" ez da edonolakoa izango. Ongi dakigun moduan, azaroaren 9ko arreta gune nagusia Katalunia izango da , galdeketa dela eta. Galdeketa ostean, balorazio eta analisirako tartea, NOAUA!ren Kulturaldian. Bi aurpegi ezagun bilduko ditugu Sutegin, azaroaren 13an; Martxelo Otamendi eta Mikel Aramendi.

Beste bikote bat, kasu honetan 40 urtez euskara ikasten dabiltzan bi lagun ezagun datoz baita, kultur etxeko auditoriora; azaroaren 15ean, "Desentxufatuak" antzezlana, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreekin. Eta amaitzeko, Sutegitik irtengo gara arnas pixka bat hartzera. Kulturaldia behar bezala borobiltzeko, Andoaingo Garate estudiora bisita, azaroaren 16an: 

  
Azaroak 13, osteguna: Kataluniari buruzko hitzaldia

Hizlariak: Martxelo Otamendi eta Mikel Aramendi.
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: doan.


Azaroak 15, larunbata: "Desentxufatuak" antzezlana
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: bi euskara ikasle, “munduko euskaldunberririk zaharrenak”, berrogei urte daramate euskaltegian eta oraindik… Publikoartera agertzen dira euren frustazio, desio eta kexak adierazteko. Maitasun istoriorik ederrenetan bezala, euskera maite dute eta gorroto. Gorroto dutelako maite dute; maite dutelako, gorroto.
Sarrera: 10€ egunean bertan. Aldez aurretik 9€ Bordatxo, Artzabal, Lizardi eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 7€tan aldez aurretik, NOAUA!ko egoitzan.


Azaroak 16, igandea: mendi buelta, Garate estudiora
Abiatzeko hitzordua: 08:30etan frontoian.
Zehaztasunak: mendi buelta Andoaingo GARATE DISKOETXEra Kaki Arkarazoren eskutik. Buruntzaldeko ibilbideak ezagutzeko aukera, ditugun txokoak balorean jarri eta ondareaz apur bat gehiago jakiteko aukera ederra izango da azaroaren 16rako antolatu dugun txangoan. Kaxkoan hasiko dugu goizetik eguerdi partera arte luzatuko den txangoa; Buruntzaldeko ibilbideak ditugula aprobetxatuz, mendiz-mendi Andoaingo Garate estudiora joango gara eta bertan Kaki Arkarazok estudioa erakutsiko digu eta azaldu nola erabiltzen den. Joan-etorriak, oinez 5 orduko iraupena du eta ibilbide osoa egin nahi ez dutenak Andoainera jaitsi daitezke. 
Nori zuzendua: herritar orori.
Oharra: ibilbide amaieran, itzulera autobusez (6€) edo oinez egin ahal izango da. Autobuserako izena aurrez eman behar da,  943 360 321 telefonoan edo elkartea@noaua.com helbidean.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.