Kalean da Deseginen berriena. Eskuragarri duzue, Beñat, Ekhi, Joxe Mari, Aitor eta Iñakiren estreinako lana. Musika joera ezberdinen bilduma, taldeak urteotan eman duen onena. Gaurkotasuneko hainbat gai hizpide dituzten zortzi abesti guztira. Ezagutzera eman asmo dituzte laster. Grabazio lanak tarteko, eskenatokietatik urrundua baita boskotea eta itzultzeko gogotsu dira noski. Laster, aurkezpen kontzertua izango dute. Horretan dabiltza, ezohikoa izatea nahi duten hitzordua prestatzen. Eta kanta berriak sortzen. Desegin, musika eginean baitabil etenik gabe.
Emaitzarekin gustura?
Desegin: Espero baino emaitza hobea izan da, oso gustura gaude. Taldea sortu genuenetik zazpi bat urte badira. Badira bi urte lanen bat grabatu nahi genuela. Zerbait xumea egin nahi genuen. Baina denborarik ez, kostatako lana izan da.
Taldeak urte batzuetako ibilbidea jorratu ostean eman zenuten diskoa grabatzeko pausoa?
Asmoa aspalditik genuen, baina kantak pixkanaka eta kostata sortzen joan ginen. Kontzertuak zirela eta, abestien zerrenda bat prestatu eta horiekin entseatzen genuen. 2012ko neguan ordea, azken kontzertua eskaini eta grabaziorako entseguei heltzea erabaki genuen. Kantak hobetzen eta lantzen, berri batzuk sortzen hasi ginen. Disko bat ateratzeko ilusioa izan eta aurrera egin genuen.
Barruko lan horretatik ze kanta atera dira?
Diska honetan duela lau urteko edo duela bi hilabeteko abesti bat aurki dezakezu. Kanta batetik bestera mundu bat dago. Musika mota ezberdinen nahasketa bat da, ez dugu eta musika joera finkaturik. Talde kide bakoitzak sentitzen duena ateratzen du. Hartara, kanta guztiei gure ukitua eman diegu. 8 abestien letretan denetarik dago; gizarteko krisi egoera honen, alferrikakoak diren politikarien hitz potoloen, poliziaren, gizartean dugun ardi izaera horren inguruko letrak, baladatxo bat...
Grabazio prozesua, esperientzia berria zuentzat.
Grabazioa 2013ko abendu bukaeran, gabonetan hasi ginen. Urtarrilean bertan bukatu genuen. Grabazio estudiora iritsi eta mundu berri batekin topo egin genuen. Esperientzia berria izan da, baina errepikatzeko modukoa. Presioa izan genuen, baina aldi berean Martxel Arkarazok asko lagundu zigun. Animuak ematen beti, ondoan zegoen, bisitan joan zitzaizkigun lagunak bezala. Berari eta Kakiri ere eskerrak eman, materiala berak utzi baitzigun. Alde horretatik ere kalitatea asko hobetzen da. Grabazio egunak ere oso gogorrak izan ziren guretzat. Jontxu zendu zenean izan zen. Sentimendu mugimendu handia zegoen egun haietan eta hori ere kaleratu dugun lan berrian islatzen da.
Diskoa non dago eskuragarri?
Irratin dago momentuz. Jendea gugana ere etorri izan da eskatzera, beraz gerturatu beldurrik gabe. Gaztetxean ere kontzertuak daudenean salgai izango dira. Eskuz esku saltzen dugu oraingoz. Gastuei aurre egin nahi diegu. Baina diskoak urritzen joan ahala, abestiak sarean doan entzungai jartzeko asmoa dugu.
Beste bide batzuk bilatu dituzue zuen lana plazaratzeko?
Diskak saltzea zaila ikusten geunenez, musika taldeon arteko elkartrukea bultzatu dugu. Hartara, guk geure lana plazaratu eta aldi berean, besteen taldeak ezagutzeko aukera dugu. Guk geuk egitea, gure baliabideekin ahal duguna egitea, musika hala ulertzen dugu. Musika tresna bat da, gure pentsaera, sentitzen duguna adierazteko. Talde txikiak elkar animatu eta laguntzen gara. Diskak trukatzen ditugu, diskak saltzeko dagoen zailtasun eta ohitura faltarekin.
“Ikasgai polita izan da, talde bezala trinkotzeko”
Beste Desegin bat zarete esperientzia honen ostean?
Entseguetan formalizatu garela esan liteke. Orain geure burua entzuten dugu. Lehen, entsegu saioetan ondo egiten genuela iruditzen zitzaigun. Alde horretatik, gure burua entzun eta gero, ideia gehiago izan, eta entsegu eta zuzenekoan nabari da produktua entzun dugula. Landuagoa dugu. Aparte abestiok entzuten ditugunez, gero erraztasun handiagoa dugu gogoratzeko nola egiten genituen gauzak.
Disko hau talde barruko lanerako erreferentzia da beraz?
Bai noski. Behar genuen erreferentzia bat. Kantak bagenekien nola ziren, baina ez genekien bakoitzak nola jotzen zuen. Ikasgai polita izan da talde bezala trinkotzeko. Entzute horrek segurtasuna ematen du bestea zertan ari den eta musikak beste indar bat hartzen du. Asmoa orain, Gaztetxeetan ditugun lagunekin hartuemanetan jarri eta ahalik eta kontzertu gehien ateratzea da.
Noiz entzungo zaituztegu zuzenean?
Aginagako San Praixkuetan eta Kilometroak jaialdi egunaren amaieran, Orioko gaztetxean jo genuen. Baina aurrera begira ia zerbait gehiago ateratzen den. Egia esan, ez dugu diskaren aurkezpen ofizialik egin. Zerbait berezia egin nahi dugu, ezohikoa. Herrian bertan izango da, baina oraindik zehazteke dugu.
Ze ibilbide egin nahi zenukete lan honekin?
Pentsatu baino gehiago diska atera dugu. Diska honekin kontzertuak eskaintzen segi nahi dugu. Kontzertuen katean sartu nahi dugu. Gure erritmoan segi. Kontzertuak eten genituen diska hau prestatzeko. Orain, disko hau dugunez, kontzertuekin segitzera goaz. Entseguetan bestalde, kanta berri gehiago sortzen gabiltza.
“Talde berri gazteak gogotsu datoz”
Gustukoen duzuen hitzorduen artean, Santixabeletako Bertsio Gaua egongo da. Ekimen arrakastatsua?
Bertsio gaua polita da. Berez taldeetan parte hartzen dugun kideoz aparte, musikaz dakien jende asko dago herrian. Gustatzen zaigu beraiek ere parte hartzea. Beraientzat ere aukera bat da, eszenatoki batean jendeaurrean jotzea zer den eta giro horrek zer eragiten duen ezagutzeko, musikarekin jolasteko. Azkenean beste hainbat talde osatzeko aukera sortu liteke.
Herri aberatsa dugu musika kontuetan?
Gazteak ere indarrarekin datoz. Bertsio Gaua ere horren erantzule handia da. Azkenean ekimen oso parte hartzailea da. Adin guztietako jendea ikusten da eta musika mota guztiak ukitzen dira. Bertsio gauak beste taldeetako partaideekin jotzeko aukera ematen du eta besteak ze erritmotan dabiltzan ezagutzeko
Ze mugimendu dago Haranen?
Mugimendu polita dago. Entsegu lokaletan beti dago talderen bat entseatzen. Talde berri gazteak gogotsu datoz. Pozgarria da, errelebo hori egotea. Zerbaiten emaitza da, taldeen artean elkar animatze, laguntze eta bultzada bat bada.
Lan berria eskugarri
Oraingoz, Irrati tabernan lortu dezakezue Deseginen estreinako lana. Bestela taldekideei eskatu:
Ahotsa: Beñat Irazusta.
Kitarrak: Aitor Pagola eta Ekhi Arrieta.
Baxua: Joxe Mari Zubimendi.
Bateria: Iñaki Irazusta.
Grabazioa: 2014ko urtarrila, Andoaingo Garate estudioa.
Diseinua eta irudia: Ibai Arrieta.