Gaixo diren presoak aske uztea exijitzeko, eskualdeko manifestazioa 20:00etan Lasarten

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 31a, 04:00


Ostiral arratsaldeko 20:00etan abiatuko da presoen eskubideen aldeko manifestazioa, Lasarteko Okendo plazatik. Gaixo diren presoak aske uztea exijituko da, eskualde mailakoa izango den mobilizazio honetan. Manifestazioa, urriko azken ostiralean egokitu da. Usurbilen 20:00etan presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitua zegoen egun berean. Adi, Usurbilgo mobilizazioa bertan behera utzi baitu Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak. Usurbildarrak, eskualde mailakoa izango den Lasarteko manifestaziora joatera deituak daude. Gipuzkoako EHBilduk ere bat egin du mobilizazioarekin.

Ibon Fernandez Iradiren inguruko erabakia, martxora arte atzeratua
Gaixo diren presoak kaleratzea exijituko da, ostiral honetarako, urriaren 31rako, 20:00etan Lasarteko Okendo plazatik abiatuko den eskualdeko manifestazioan. Besteak beste, Ibon Fernandez Iradi preso lasartearra aske uztea eskatuko dute. Esklerosi anizkoitza du, baina preso daukate. Duela urte eta erdi aske uztea eskatu zuen, bere gaixotasuna tratatu ahal izateko. Ostegun honetan bera aske uztearen inguruko erabakia aztertu behar zuten, epaileak ordea beste mediku azterketa bat egitea eskatu du. Ondorioz, martxoaren 26ra arte atzeratu dute Fernandez Iradi aske uzteko erabaki hartzea. Gaixotasun larria duen arren, beste bost hilabete espetxean egin beharko ditu beraz.