Txikien kalejira erraldoia, Artisautza Azoka girotzen

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 1a, 08:33

Erraldoiak dantza batean, buruhandiak haiek xaxatzen ari ziren haurren atzetik lasterka bizian... Usurbilgo konpartsak Artisautza Azoka inguruko kaleak girotzen ibili da goiz eta eguerdi partean. Udaletxean hasi, Kale Nagusia, Zubiaurrenea, Artzabal, Mikel Laboa plaza edota frontoi inguruak zeharkatu dituen kalejira segitzen berriz, hainbat guraso eta gaztetxo.

Txikien festa handia izan da gaurkoa. Haur talde bat, etxean zituzten buruhandi kareta txikiak hartu eta antolatzaileek aldez aurretik egina zuten deialdiari erantzunez, kalejirara batu dira. Halako konpartsekiko zaletasuna handitzen ari da Usurbilen ere.