Azaroaren 8ko mosaiko erraldoian izen emateko azken aukera igandean

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 1a, 07:30


Gure Esku Dago mugimenduak deituta, azaroaren 8an Donostiako Zurriolan egingo den erabakitze eskubidearen aldeko mosaiko erraldoian parte hartzeko izena ematen aritu dira herritarrak, gaur ospatu den XIX. Artisautza Azoka egunean. Sutegi atarian jarri du izen emate mahaia, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak. Erabakitze eskubidearen aldeko ekimenerako atxikimenduak biltzen ari dira asteotan. Azaroaren 8ko hitzorduan izen emateko azken aukera, igande eguerdian, 12:00-14:00 leku berean, edo astean zehar, Lizardi liburu dendan.

"Eskoziarrek erabaki dute beraien etorkizuna eta katalanek ere bozkatu nahi dute. Baina ez diete utzi nahi.
Zer egin dezakegu aginarrok, zubietarrok, usurbildarrok... euskaldunok, horren aurrean? Azaroak 8an, mosaiko erraldoia Donostiako Zurriola hondartzan! Kataluniarekiko elkartasuna!! Demokraziaren defentsa!!", adierazi dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik.

Albiste honi atxikia doakizuen bideoa ere grabatu dute. Bertan, "bahitua" dagoen hautesontzia ageri da udalerri honetako txoko ezberdinetan. Kataluniako galdeketa debekatu izanaren aurrean, herritarrak azaroaren 8an Donostiako Zurriola hondartzan antolatu den mosaiko erraldoian parte hartzera deitzen dituzte. 5.000 lagun bildu nahi dituzte hitzorduan. Tartean, usurbildar, aginagar eta zubietarrak. Ekimenean parte hartzeko aurrez eman behar da izena. 


Txartela ondo gorde
Mosaiko erraldoirako izen ematerakoan, 5 euro ordaindu eta txartel bat jasoko duzue. Txartel hori ondo gorde, azaroaren 8ko ekimenean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa baita; azaroaren 8an, Donostiako Zurriolan aurkeztu beharko da. Trukean, aterki eta peto bana jasoko du herritar bakoitzak. "Kataluniako gizarteari, erabakitzeko eskubideari eta, finean, demokraziari egindako eraso honen aurrean, euskaldunok erantzun garbia eta ozena eman behar dugula uste dugu Gure Esku Dagon". Horregatik, eta euskaldunon erabakitze eskubidearen defentsan, herritarrak Donostian egingo den ekimenean izen ematera animatzen dituzte. 

Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net
usurbilgureeskudago@gmail.com