Gazte lokalak arautzeko parte hartze prozesua, asteazkenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 3a, 11:10


Herri erdigunean badira hainbat lagun koadrila biltzen dituzten lokalak. Gazte taldeon aisialdirako egoitza hauek erregulatu nahi ditu Usurbilgo Udalak. Baina ez bere kaxa, lokaletako erabiltzaile, jabe, bizilagun edota gurasoekin adostuta. Horretarako, beste herri batzuetan egin duten moduan, gai honi loturiko parte hartze prozesua abiatuko du Udalak asteazken honetan, azaroaren 5ean, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.

Hitza eman nahi diete gai honetan zeresana duten alde guztiei, beharrak identifikatu, hobetu beharrekoak hobetu, dituzten proposamen eta ekarpenak bildu, eta etorkizunean, elkarbizitzarako arautegi adostu bat izateko. 

“Helburua ez da inolaz ere lokalak ixtea”
Parte hartze prozesua abiatu aurreko lanketa bat egin du Udalak. Gai honen inguruko datu bilketa; lanketa horretatik jakin ahal izan dutenez, 10 dira egun Kaxkoaren bueltan ditugun gazte lokalak. Horietatik bederatzirekin hartu emanetan jarri da Gazteria Saileko zinegotzia, egitasmoa aurkeztu eta informazioa biltzeko. Galdetegi bat pasa zaie lokaletako erabiltzaileei; zenbat jende ibiltzen den lokalean, adina, neska edo mutil koadrilak diren… Oro har, lokaletatik kezka nagusi bat jaso dute; ia gazteen topaguneokin arazorik ba ote den eta hala ez bada, parte hartze prozesua zertarako egin galdetzen zuten. Udaletik argitu nahi dute ez dela arazo kontua, ez dutela horregatik abiatuko parte hartze prozesua eta gaineratu dutenez, “helburua ez da inolaz ere lokalak ixtea”.

Elkarbizitzarako araudi bat lantzea baizik. Antza 2020rako arautuak egon beharko dute eta gazte lokalok. Esandakoa, Udalak gai honi garaiz heldu nahi dio.

Ekarpenak biltzeko garaia
Udalak bildutako datuok eta beste hainbat, aurre diagnosi batean jaso dira. Aurre diagnosi hau izango da hain zuzen asteazken honetan bertan abiatzekoa den parte hartze prozesuan aurkeztuko dutena. Dokumentu honekin bilera bana egingo dute; bat azaroaren 5ean gazteekin, bestea azaroaren 12an helduekin, hots, lokaletako jabe, bizilagun eta gurasoekin. Bakoitzak bere saioan ekarpen eta proposamenak egin ahalko ditu.

Ekarpen eta proposamen guztiok Udalak dokumentu batean bildu, eta parte hartze prozesu honetako bigarren fasera aurkeztuko ditu, azaroaren 26an. Bigarren fase honetan, gazteak eta helduak, denek batera beste bi bileretan parte hartzeko aukera izango dute; hilaren 26an eta abenduaren 10ean. Abenduaren 10eko saioan, ordura arte landutako dokumentua eztabaidatu eta hobetu ahalko dute. Eta batez ere, gai honetan inplikatuak dauden aldeek, adostasunetara heltzeko aukera izango dute.

Zeresana duen oro gonbidatua
Asteazken honetan, azaroaren 5ean hastekoa den parte hartze prozesua abenduaren 10ean amaituko da. Hilabetez lau bileretan landutako dokumentua Udalera helduko da. Udalak gerora, gai honen inguruko araudi edo ordenantza bat lantzeko oinarri gisa baliatuko du.

“Dei egiten diegu gaian zeresana daukaten edo gaiarekin arduratuta dauden guztiei (gazteei zein helduei) eta gonbidatu nahi ditugu prozesuan eta bileretan parte hartzera”, adierazi dute antolatzaileek. Diagnosiko informazioa bildu eta bilerak dinamizatzeaz Elhuyar Aholkularitza arduratuko da. Hona hemen bileren egutegia:

Azaroak 5, asteazkena
Bilera lokaletako erabiltzaileekin.

Azaroak 12, asteazkena
Bilera helduekin: lokaletako jabe, bizilagun eta gurasoekin.

Azaroak 26, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.

Abenduak 10, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.

Bileren ordua: 19:00.
Bileren lekua: Potxoenea.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.