Laster, begirada irekita dauden saltokietara zuzentzeaz gain, itxita dauden lokalek ere gure arreta erakarriko dute. Horretan ahalegindu nahi du behintzat Usurbilgo Udalak sustatu nahi duen “Usurbil Zabalik” egitasmoaren bidez. Proiektu berri honekin, itxita dauden lokal komertzialetako erakusleiho eta fatxadak apaindu nahi dira, jardunetik kanpo dauden guneon kanpo irudia hobetu. “Merkataritza Biziberritzeko Planaren merkataritza-eremu kontsideratutako Usurbilgo hiriguneko kaleetan, jarduera ekonomikorik gabeko lokal komertzialen presentzia altua da, eta ondorioz, eremu horietan interbenitu eta eremu urbano horien hiri paisaia hobetzen bada, ingurune horien merkataritza irudia hobetuko da, lehendik zabalik dauden establezimenduentzat onuragarria izango da eta apaintzen diren lokaletan jarduera berriak zabaltzeko aukerak ugarituko dira”, Udaletik ohartarazi dutenez.
Deialdia, itxita egon eta epe motzean itxita jarraituko duten lokal komertzialetako jabeei zuzendua dago. Usurbilgo herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko planean aurreikusitako merkataritza-eremuaren barruan kokatua dauden lokalek parte har dezakete. Saltokiok beheko solairuan kokatuak egon beharko dute.
Sei izango dira hautatuak
Deialdira aurkezten diren lokalekin zerrenda bat osatuko du Udalak. Horien artean, balorazio-mahaiak sei hautatuko ditu. Azken erabakia hartuko duen taldea, bi udal ordezkarik, udal teknikari batek, Hurbilago Elkarteko bi kideek, eta Udalak merkataritza gaietarako kontratatua duen kanpoko aholkularitza enpresako teknikariak osatuko dute. Apaindu beharreko lokalak, lehentasun irizpideon arabera hautatuko dituzte:
1-Aurretik merkataritza jarduera izan duen lokala izatea (10 puntu).
2-Merkataritza-jarduera berriak eta herritarrentzako zerbitzu berriak irekitzeko toki egokitan kokatutako lokala izatea (10 puntu).
3-Inpaktu bisual handiko erakusleiho edo fatxadadun lokala izatea (5 puntu).
4-Kanpora begira estetikoki egoera txarrean dagoen lokala izatea (5 puntu).
Hautatu gabe geratu diren gainerako lokalak ere baloratuak geratuko dira. Atondua izango den lokalen bateko jabeak atzera egiten badu, aukeratu gabeko lokalen artean balorazio altuena duena izango da hurrengo hautatua.
Atontze gastuak, Udalaren gain
Apaintzeko aukeratua izan den lokaleko jabeak, atontze-lanak egitea baimendu beharko dio Udalari. Lanok mantentzeko neurriak hartu beharko ditu, “gutxienez lokala jendaurreko erabilerarako ireki bitartean”. Apaintze lan guztiak Udalak finantzatuko ditu, ehuneko ehunean, “lokal jabeentzat ez da kosturik izango”. Gastuei aurre egiteko Udalak Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntza baliatuko du. Hartara, lanok bideratu ahalko ditu lokaletan, beti ere lokal jabearekin adostu ostean:
1-Lokal bakoitzerako egokitutako atontze-lanen diseinu grafikoa eta estetikoa egitea.
2-Berriztatu beharreko erakusleiho eta fatxaden prestaketa lanak egitea.
3-Lokal bakoitzerako aurreikusitako atontze-lan guztiak egitea (inprimazio eta margotze lanak, leihoetan euskarriak ipini, ateak margotu, erakusleihoak apaindu, mural artistikoak margotu eta abar).
Deialdian parte hartzeko eskaerak eta beharrezko dokumentazioa, Usurbilgo Udalean aurkeztu behar dira, azaroaren 20a baino lehen. Informazio gehiagorako: usurbil.net edo 943 371 951 (Josune Mujika).