Kulturaldirako sarrerak eta bonuak salgai, NOAUA!ko bazkideontzat sarreren zozketa

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 3a, 11:07

Lau egun, 2014ko Kulturaldia abiatzeko. Ekitaldietarako sarrerak merkeago lortu nahi badituzue, adi albiste honi, interesgarria suertatuko zaizue eta. Kulturaldiaz txanpon gutxiagoren truke gozatzeko erraztasun gehiago dituzue aurten.


Bonua 
Sarrera behar duten Kulturaldiko, hau da, "Piano bat bertsotan" kantaldia, "Emak bakia" filma, Pettiren kontzertua, eta "Desentxufatuak" antzezlana ikusi nahi duzuenontzat bonua dugu salgai, 20 eurotan NOAUA!ko bazkideentzat. 25 eurotan gainerakoentzat. Bonuak NOAUA!ko egoitzan eskura ditzakezue. Oharra: bonutik salbuetsita, azaroaren 16an Andoaingo Garate estudiora antolatu dugun irteeratik itzultzeko bus zerbitzuko sarrera.

Sarrerak merkeen, NOAUA!ko bazkideok
Doakoak izango ez diren ekitaldietarako sarrerak egunean bertan egongo dira salgai Sutegin. Merkeago lortu nahi badituzue ordea, aurrez erosi ahalko dituzue. Aurten leku gehiagotan; ohi bezala NOAUA!ko egoitzan, baina baita Bordatxo eta Artzabal tabernetan, eta Lizardi liburu dendan ere. Sarrerak aldez aurretik eskuratzea merkeago baldin bada denentzat, NOAUA!ko bazkideentzat are merkeago oraindik. Bazkideontzako sarrerak aurrez, NOAUA!ko egoitzan eskuratu ahalko dituzue. 

Sarreren zozketa
NOAUA!ko bazkide bazara, parte hartu ekitaldietarako sarreren zozketan. Bi zozketa egun finkatu ditugu:

Azaroak 7: bina sarrera bikoitz zozketatuko ditugu, "Piano bat bertsotan" eta Pettiren emanaldia ikusteko.
Azaroak 14: bina sarrera bikoitz zozketatuko ditugu, "Desentxufatuak" antzezlana ikusteko.

Zozketan parte hartzeko: bidali email bat erredakzioa@noaua.com helbidera. Sarituen izen abizenen berri, noaua.com atarian emango dugu. 


Egin zaitez, NOAUA!ko bazkide
Kulturaldia ate joka dugun honetan, ez galdu aukera. Une ezin aproposagoa, NOAUA!ko bazkidetza egiteko. Egitekoa erraza da, irudietan duzuen eskuorria datu pertsonalekin bete baino ez da egin behar. Etorri NOAUA!ko egoitzara eta di-da batean tramitatuko dizugu.