5.000 lagun bildu nahi dituzte larunbatean, azaroaren 8an Donostiako Zurriolan egingo den erabakitze eskubidearen aldeko mosaiko erraldoian. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik berri eman dutenez, udalerri honetan soilik, hitzorduan parte hartzeko 130 lagunek baino gehiagok izena eman dute jada. Azken bi asteburuotan, Gure Esku Dago taldekoek frontoi inguruan jarri duten mahaian bildu dituzte atxikimendu guztiok.
Adi oraindik, izena eman ez duzuenok; asteazkenera arte, azaroaren 5era arte, apuntatzeko aukera duzue eta, Lizardi liburu dendan.
"Eskoziarrek erabaki dute beraien etorkizuna eta katalanek ere bozkatu nahi dute. Baina ez diete utzi nahi. Zer egin dezakegu aginarrok, zubietarrok, usurbildarrok... euskaldunok, horren aurrean? Azaroak 8an, mosaiko erraldoia Donostiako Zurriola hondartzan! Kataluniarekiko elkartasuna!! Demokraziaren defentsa!!", adierazi dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik.
Txartela ondo gorde
Mosaiko erraldoirako izen ematerakoan, 5 euro ordaindu eta txartel bat jasoko duzue. Txartel hori ondo gorde, azaroaren 8ko ekimenean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa baita; azaroaren 8an, Donostiako Zurriolan aurkeztu beharko da. Trukean, aterki eta peto bana jasoko du herritar bakoitzak. "Kataluniako gizarteari, erabakitzeko eskubideari eta, finean, demokraziari egindako eraso honen aurrean, euskaldunok erantzun garbia eta ozena eman behar dugula uste dugu Gure Esku Dagon". Horregatik, eta euskaldunon erabakitze eskubidearen defentsan, herritarrak Donostian egingo den ekimenean izen ematera animatzen dituzte.
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net
usurbilgureeskudago@gmail.com