Kilometroak 15 ekimenean, elkarlanean jardungo dute NOAUA!k eta Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 4a, 12:04


Iruditan dituzue ezker eskuin, NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregarai, eta Udarregi Ikastolako lehendakari eta zuzendaria, Xabier Alustiza eta Mariaje Imaz hurrenez hurren. Ikastolako geletako batean, mahai baten bueltan, elkarlanerako ituna sinatzen.

Gogoan izan, Udarregi Ikastolak eta Usurbilek hartua dute jada, 2015eko Kilometroak antolatzeko lekukoa. Urbete barru ospatuko den ekimenari begira, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute NOAUA! Kultur Elkarteak eta Udarregi Ikastolak. Datorren ikasturte honetan, "Kilometroak ekimenean bi erakundeen arteko elkarlana aurreikusten da, bientzat lan eta jarduera eremu naturala delako euskara eta herrigintzan lanean aritzea. Ekimen honek Usurbil eta herritarrentzat izango duen garrantzia handia izango da, eta indarrak batzeko nahia aurkeztu dute bi erakundeek", hitzarmenak dioenez. Nahi hori orain, testu batean jasoa geratu da. 

Hitzarmen honen arabera, "Kilometroak" urte honetan, NOAUA!k tarte berezia eskainiko dio aldizkarian, 2015eko urriaren 4an Usurbilen ospatuko den ekimenari. Web orri eta sare sozialen bidez ere berri emango da noski. Bestalde, Udarregi Ikastolak interesgarritzat jo dezakeen informazioa helaraziko dio NOAUA! elkarteari, "eta bi aldeetako komunikazioa bereziki zainduko dute bi erakundeek".