Denboraldiko lehen abisu horia, euriagatik

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 4a, 05:32


Orain bai, udazkenean gaude. Hotz eta euria bueltan ditugu. Adi datozen orduotan errepidera atera behar baduzue. Kolore horiko abisu bikoitza ezarri dute, euria gogotik egin dezakeelakoan. Bat, "prezipitazio iraunkorragatik", asteazken eguerdiko 12:00ak arte. Euskalmet metereologia agentziaren arabera, "24 orduan 60 l/m2 baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariagoak eta iraunkorragoak kostaldean, eta zenbait lekutan handiak izateko probabilitatea handia da. Trumoi-ekaitzak eta txingorra botatzeko probabilitatea handia da".

24 orduko abisu horren baitan, bigarren abisu horia ezarri dute astearte eguerditik gauerdira, bigarren hau, "prezipitazio handiagatik". "Kantauri isurialdean, ordu betean 15 l/m2 baino gehiago pilatzeko probabilitatea handia da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, ugariagoak eta iraunkorragoak kostaldean, eta zenbait lekutan handiak izateko probabilitatea handia da. Trumoi-ekaitzak eta txingorra botatzeko probabilitatea handia da", Euskalmet-en arabera.

Giro traketsa beraz, astearte eta asteazken honetan. Ostegunetik aurrera, hobekuntza:

Azaroak 4, asteartea
"Hotza eta zaparrada giroa astearterako. Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta termometroa kostata iritsiko da 12-15 ºC-ra. Zaparradak noiznahi botako ditu, hala ere, eguerditik aurrera eta ipar partean ugariagoak izango dira. Tarteka gogotik botako du, zaparrada trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Elurrak mendi altuenak zurituko ditu, 1300-1500 m-tik gora botatzen duena elur moduan egingo du. Haizea mendebal/ipar-mendebaldetik sartuko da eta kostaldean zakar joko du".

Azaroak 5, asteazkena
"Asteazkenean kantauri isurialdean euri kontuekin jarraituko duten bitartean, hegoaldean apur bat egingo du hobera. Hotzetik jarraituko du, tenperatura apenas aldatuko den eta gainera ipar-mendebaldeko haizeak hotz sentsazioa areagotu egingo du. Laino trinkoenak ipar partean pilatuko dira eta zaparradak botako ditu, oraindik trumoitsuak zenbait lekutan; hegoaldean berriz, ateri egongo da eta ostarteak zabalduko dira".

Azaroak 6, osteguna
"Ostegunean eguraldiak hobera egingo du. Goizaldean oraindik, kostaldetik gertu zaparradaren bat edo beste bota dezakeen arren, eguraldiak hobetzeko joera hartuko du. Egunaren zati handiena ateri egongo da eta ostarteak zabalduko dira. Gainera, hego-mendebaldeko haizearekin, giroak epeltze aldera egingo du, beroenak 15 eta 19 ºC artekoak izango dira".

Informazio eguneratua: Euskalmet