Bigarren debekua. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aho batez baliogabetu egin du behin behinean, iganderako Katalunian deitua zegoen kontsulta alternatiboa. Beste modu batera esanda, PPren Gobernuak jarritako helegitea aintzakotzat hartu du epaitegiak.
Gogoan izan, debekuon aurrean, Gure Esku Dago mugimenduak deituta, mosaiko erraldoia osatzeko hitzordua jarria dagoela larunbaterako, azaroaren 8an, 11:00-13:00 artean, Donostiako Zurriola hondartzan. "Eskoziarrek erabaki dute beraien etorkizuna eta katalanek ere bozkatu nahi dute. Baina ez diete utzi nahi. Zer egin dezakegu aginarrok, zubietarrok, usurbildarrok... euskaldunok, horren aurrean? Azaroak 8an, mosaiko erraldoia Donostiako Zurriola hondartzan! Kataluniarekiko elkartasuna!! Demokraziaren defentsa!!", adierazi dute Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik.
Gutxienez, 5.000 lagun bildu nahi dituzte larunbateko hitzorduan. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik berri eman dutenez, udalerri honetan soilik, ekimenean parte hartzeko 130 lagunek baino gehiagok izena eman dute jada. Azken bi asteburuotan, Gure Esku Dago taldekoek frontoi inguruan jarri duten mahaian bildu dituzte atxikimendu guztiok.
Adi oraindik izena eman ez duzuenok; asteazkenera arte, azaroaren 5era arte, apuntatzeko aukera duzue eta, Lizardi liburu dendan.
Txartela ondo gorde
Mosaiko erraldoirako izen ematerakoan, 5 euro ordaindu eta txartel bat jasoko duzue. Txartel hori ondo gorde, larunbateko ekimenean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa baita; azaroaren 8an, Donostiako Zurriolan aurkeztu beharko da. Trukean, aterki eta peto bana jasoko du herritar bakoitzak. "Kataluniako gizarteari, erabakitzeko eskubideari eta, finean, demokraziari egindako eraso honen aurrean, euskaldunok erantzun garbia eta ozena eman behar dugula uste dugu Gure Esku Dagon". Horregatik, eta euskaldunon erabakitze eskubidearen defentsan, herritarrak Donostian egingo den ekimenean izen ematera animatzen dituzte.
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net
usurbilgureeskudago@gmail.com