Lau hamarkada baino gehiago bete ditu Aizpurua Autobusak enpresak. Garai berrietara egokitzen joan da etengabe. Eta horren harira, oso gaurkoa den promozio kanpaina jarri dute martxan bere lanerako filosofía iruditan jarriz. Dagoeneko sare sozialetan da Beñat Arnaiz triatletarekin batera osatu duten bideoa. Artemaneko lan taldea izan da bideoa egiteaz arduratu dena.
Artemanek azaldu duenez, bideo promozional honetan, "Aizpurua Autobusen filosofiarekin bat datorren triatleta baten istorio paraleloa kontatzen dugu. Beti aurrera, profesionaltasunez, segurtasuna bermatuz, milaka kilometro eginez...".
Ikus-entzunezkoan Artemanek islatu gura izan du "Aizpurua Autobusekin (eta kirolarekin...) esperientzia paregabeak bizi izango dituzula eta bakoitzak finkatzen dituen helmugetara garaiz eta seguru iritsiko zarela".
Hainbat grabazio saio eta lokalizazio ezberdinetan ekoiztutako bideoa da, tartean, Usurbilen. Autobusa eta Beñat Arnaiz dira bideoko protagonistak. "Beñat Arnaiz oso prest eta profesional agertu zen saio guztietan", baloratu du Artemanek.