Osakidetzan ordezkaritza duten SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, lan uztea deitu dute ostegun honetan, 11:00etatik aurrera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun etxeetan. Azken urteotan langileek jasandako murrizketak salatu nahi dituzte. Azken hiru urteotan hain zuzen, 3,000 lanpostu suntsitu dira. Honez gain, 8.000 langile hilero behin-behineko kontratuekin dabiltza lanean. 500 langilek hartzen dute erretiroa urtero. Zifra hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hurrengo bi urteotarako 474 lanpostuko enplegu deialdi publikoa egin du. "474 lanpostutako eskaintzaz hitz egitea lanpostu suntsiketa eta prekarietatearen aldeko apustua izateaz gain, gizartea osoari burla egitea da", sindikatuen esanetan.
Anbulatorioan normaltasunez
Egoera honen aurrean, "galdutako enplegua berreskuratzeko, lan-karga onargarriekin lan egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldata diskriminazioak kentzeko" 11:00etan hasi eta arratsaldeko lehen 4 orduetan eragina izango duen lan uztea deitu dute. Eta mobilizazioak ostegun honetan, eguerdiko 12:00etan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Donostiakoa, Amara auzoko Pio XII plazan.
Lan uzteotara deituak daude besteak beste, Usurbilgo anbulatorioko langileak ere. Bertatik adierazi digutenez, goizeko lehen orduotan normaltasunez aritu dira lanean. Goizeko 11:00etatik aurrera, langileak zer egin erabakitzekoak ziren. Mobilizazioarik ez dute iragarri Usurbilgo osasun etxean, herrialde mailako elkarretaratzeak deitu baitira eguerdirako. Langile batek egin du greba antza, gainerakoek euren lanpostuetan jarraitu dute eguerdian. Lan uzterako deialdiak beraz, ez du eragin handirik izan Usurbilgo osasun etxean.
Greba egunak, azaroaren 20an eta abenduaren 4an
Lan gatazka hau ez bada bideratzen, mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute Osakidetzako langileek, hurrengo asteotan. "Enpleguari buruzko konpromiso argi bat, lan-kargen hobekuntza eta garapen profesionalaren eteteak ekarri duen soldata eskala bikoitza kentzea lortu arte mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa berresten dugu", diote sindikatuek.
Hurrengo mobilizazioetarako egutegia finkaua dute. Mobilizazioak gogortuko dituzte, Usurbilgo osasun etxean eragin zuzena izan dezaketen bi greba egun deitu baitituzte:
Azaroak 13, 20 eta 27: egun osoko greba, herrialdeka. Gipuzkoan, azaroaren 20an.
Abenduak 4: greba eguna, Osakidetza osoan.