"Izan gaitezen euskahaldun, jabetu gaitezen gure gaitasunaz, eta erabili dezagun gaitasun hori. Euskahaldunok banaka eta taldean euskaldundu ahal dugu Euskal Herria", "Guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugu euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria".
Euskal Herria "euskahalduntzeko" gonbitarekin, aurkeztu berri dute, 2015eko martxoaren 19tik 29ra ospatuko den 19. Korrika. Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da, "Euskahaldun!" lemapean. 10 egunez Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du euskararen aldeko lasterketak; tartean noski, Aginaga, Usurbil eta Zubietatik ere igaroko da. "19. Korrikak ahalmen batuketa izan nahi du, ahalmen biderketa izan nahi du, izan ahal da eta izango da", zalantzarik gabe. Oraingoan, Durangoko Azoka omenduko du Korrikak, 2015ean hain zuzen, 50 urte beteko baititu abendu hasieran ospatu ohi den ekimenak. 19. Korrika badator!
19. Korrikako mezua
“Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen” zioen Amets Arzallusek Korrika 18ren amaieran, Baionan. “Herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu”, berretsiko genuke orain: euskahaldundu gaitezen.
Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin.
Euskaldun eta euskaltzale guztiok osatzen dugu Euskal Herria, Euskararen Herria. Eta horixe aldarrikatu nahi dugu: guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugula euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu -Korrika bera, esaterako- eta iraganean bezala gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia.
Eta nahia ahala da. Ahalmen pertsonala eta kolektiboa: norbanakook auzolanean zein erakundeekin eta instituzioekin batera elkarlanean. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala; euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala...
Korrika 19k ahalmen metaketa izan nahi du, eduki ahal du. Bide berrien abiapuntu. Gutako bakoitzaren eta gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea".
Korrikaren web gunea, 19. ediziorako prestatzen hasiak dira jada. Sartu eta arakatu; korrika.org