Ia 200 usurbildar apuntatu dira mosaiko erraldoirako, izen ematea zabalik oraindik

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 6a, 12:50

Hunkituta daude Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoak, larunbaterako, 11:00-13:00 artean, Donostiako Zurriola hondartzan egingo den mosaiko erraldoia sustatzen ari den parte hartze handiarekin. Dagoeneko 195 herritarrek eman dute izena, igandean Katalunian deitua dagoen galdeketak jasan dituen debekuak salatu eta erabakitze eskubidea aldarrikatuko duen elkartasun ekimenerako. 5.000 lagun bildu nahi zituzten Zurriolan, eta dagoeneko muga gainditzear da ekimena. Antolatzaileek iragarri dutenez gainera, mosaiko erraldoi bat ez, bat baino gehiago izango omen da.

Izen emateko, Lizardin edo mahai ibiltarian
Adi, izen emateak zabalik jarraituko baitu ostiralera arte Lizardi liburu dendan. Eta ostiral arratsaldean, 19:00-21:00 artean ere, apuntatzeko mahai ibiltaria jarriko du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak, frontoi inguruan. Antolatzaileek laguntza behar dute bestalde, larunbateko ekimenerako. Animatzen zaretenok, idatzi usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera.

Azaroaren 8ko mosaiko erraldoiari begira, kontuan izan Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik, NOAUA!ko Komunitatera helarazi dituzten oharrok:

Kaixo lagun!
Zinez hunkituta gaude; iadanik 195 usurbildarrek eman dugu izena larunbat honetan Zurriolan egingo den Mosaiko Erraldoirako! Oraindik izena eman ez baduzu, ostiral arte izango duzu aukera Lizardi liburudendan eta baita ostiralean (Azaroak 7) 19:00-21:00 bitartean kaxkoan jarriko dugun mahai ibiltarian ere.

Hortaz gain, egunean bertan ere eman ahalko da izena Zurriolan bertan, hortarako propio egokituko den gunean. Gune honen kokapena, mosaikorako sarreren kokapena etab.  goiko irudian ikusi ditzakezu (Adi: autobus geltokia, autobus bidez antolatu diren herrientzako dira, ez da gure kasua).

Bukatzeko, Mosaikoaren prestaketak esku askoren laguntza beharko du egunean bertan, eta inor animatuko balitz asko eskertuko genizueke! Laguntzatxo bat emateko prest bazaude, bidaliguzu email bat usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera edo pasa zaitez ostiralean mahai ibiltaritik!

Larunbatean Zurriolan ikusiko gara!

Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net
usurbilgureeskudago@gmail.com