74.707, Kilometroak 14ko Gure Zozketako zenbaki saritu berria

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 7a, 11:06

Zenbaki saritua zurea bada adi, 60.000 euro irabazi dituzu eta. Abenduaren 5era arteko tartea duzu orain, Orioko Kilometroetako antolatzaileekin harremanetan jartzeko: 943 83 47 04 telefono zenbakira deitu edo kilometroak14@ikastola.net helbidera idatzi. Sariduna abenduaren 5a baino lehen agertzen ez bada, “notario aurrean jasotako aktaren arabera, zozketaren saria bere horretan geratuko litzateke”.

60.000 euroko saria banatzeko zozketa hau, urriaren 7an egin zuten notario aurrean. Orduko hartan, 30.293 izan zen zenbaki saritua. Zenbaki saritua aurkezteko hilabeteko tartea egon da ordutik, baina antolatzaileek prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, sariturik ez da agertu. Orain, zozketa hartan ateratako ordezko zenbaki sarituaren jabeak 60.000 euro irabazi ditzake. Gogoan izan, 74.707 da ordezko zenbaki saritua.

Autoak jabea badu
Kilometroak 14ko antolakuntzak jakinarazi duenez bestalde, autoaren zozketako sariduna bai, agertu da. Laster egingo dute sari banaketa  eta orduan jakinaraziko dute nor izan den irabazlea.

  
Aurkezpen ekitaldia, azaroaren 29an
#Kilometroak15 ekimeneko makinaria guztia martxan da Usurbilen. Lekukoa jaso ostean, aurkezpen ekitaldi handia dator orain. Dakizuenez, azaroaren 29an ospatuko da. Ekimena bera eta leloa aurkeztuko dira bertan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "ikuskizun ederra ari gara prestatzen, beraz, zuon agendetan leku bat egin mesedez. Ikuskizunetarako sarrerak laster jarriko ditugu salmenta puntu ezberdinetan, adi ibili hortaz!". 

Txartelak aipatuta bestalde, zozketa-txartelak salduko dira ikasturtean zehar, Kilometroak diruz laguntzeko. Zozketa ekimen honen berri jasotzeko, Udarregi Ikastolako eta Haur Eskolako gurasoekin bilera deitu dute azaroaren 13an, 18:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. "Ekimen honek festari egingo dion ekarpen ekonomikoa ikaragarri handia izango denez eta arrakastaz burutzeko Ikastolako familia guztien laguntza eta ekarpenak ezinbestekoak izango dira. Hori dela eta, KMK15eko zozketaren nondik norakoak (helburuak, urteko antolaketa, familen zereginak, kezkak, ekarpenak, …) argitu eta azaltzeko" izango da hilaren 13ko bilera.

Laguntzaile gehiago behar dira
400 laguneko taldea osatu da jada, #Kilometroak15 ekimena antolatzeko. Baina ez da aski, jende gehiago beharko da, bai 2015eko urriaren 4rako nahiz aurretik, urtean zehar antolatuko diren ekimenetarako ere. Bereziki, arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan dago jende behar handiena.

"Auzolan horretarako denak gara beharrezkoak: izan guraso, izan ikasle, irakasle, herritar edo abarrak. Une honetan, bereziki, arropa salmenta eta ekonomiari loturiko batzordeetan da jende behar handiena. Parte hartu eta laguntzera gonbidatuta zaudete, beraz, eta noski, ez ahaztu izena emateaz", ohartarazi dute Kilometroak 15-etik. 
Izen emateko aukera duzue, lotura honetan klikatuta: izen emate inprimakia
Edo bestela, deitu ikastolako idazkaritzara; 943 36 12 16.