5.000 ez 10.000 lagun izena emanda jada, larunbateko mosaiko erraldoian

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 7a, 12:07

Gaur bai, ostiral honetan itxiko du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak, larunbat honetarako, azaroaren 8rako 11:00-13:00 artean Donostiako Zurriola hondartzan antolatua dagoen mosaiko erraldoian izen emateko epea. Gogoan izan, Lizardi liburu dendan eman dezakezue izena, edota baita ostiral honetan, Gure Esku Dago taldekoek, 19:00-21:00 artean frontoi inguruan jarriko duten mahai ibiltarian.

5 euro ordaindu eta apuntatzearen truke, txartel bat jasoko duzue. Txartel hori ondo gorde. Larunbat goizean, Donostiako Zurriola hondartzan aurkeztu beharko baita. Txartela antolatzaileei eman eta mosaiko erraldoian parte hartzeko aterki eta petoa jasoko ditu herritar bakoitzak.  

Aurreikuspenak gaindituta, antolakuntzak laguntza behar du
Dagoeneko 195 herritarrek eman dute izena, igandean Katalunian deitua dagoen galdeketak jasan dituen debekuak salatu eta erabakitze eskubidea aldarrikatuko duen elkartasun ekimenerako. 5.000 lagun bildu nahi zituzten Zurriolan, eta dagoeneko 5.000 laguneko muga gainditu du ekimenak. Aurreikuspenak bikoizteraino; 10.000 lagunek eman dute izena jada. Iragarri dutenez gainera, mosaiko erraldoi bat ez, bat baino gehiago izango omen da. Antolatzaileen aurreikuspenak gainditu dira, eta laguntza behar dute. Animatzen zaretenok, idatzi usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera.  

Azaroaren 8ko mosaiko erraldoiari begira, kontuan izan Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik, NOAUA!ko Komunitatera helarazi dituzten oharrok:

Kaixo lagun!
Zinez hunkituta gaude; iadanik 195 usurbildarrek eman dugu izena larunbat honetan Zurriolan egingo den Mosaiko Erraldoirako! Oraindik izena eman ez baduzu, ostiral arte izango duzu aukera Lizardi liburudendan eta baita ostiralean (Azaroak 7) 19:00-21:00 bitartean kaxkoan jarriko dugun mahai ibiltarian ere.

Hortaz gain, egunean bertan ere eman ahalko da izena Zurriolan bertan, hortarako propio egokituko den gunean. Gune honen kokapena, mosaikorako sarreren kokapena etab.  goiko irudian ikusi ditzakezu (Adi: autobus geltokia, autobus bidez antolatu diren herrientzako dira, ez da gure kasua).

Bukatzeko, Mosaikoaren prestaketak esku askoren laguntza beharko du egunean bertan, eta inor animatuko balitz asko eskertuko genizueke! Laguntzatxo bat emateko prest bazaude, bidaliguzu email bat usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera edo pasa zaitez ostiralean mahai ibiltaritik!

Larunbatean Zurriolan ikusiko gara!

Deitzailea: Gure Esku Dago.
Informazio gehiago: gureeskudago.net
usurbilgureeskudago@gmail.com