Marisa Alejandro eta beste 34 lagun epaituko dituzte, urtarrilaren 12tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 11a, 17:46


Baltasar Garzon epailearen aginduz, 2007ko urriaren 4an Seguran Ezker Abertzalearen aurka izandako polizia operazioaren haritik dator urtarrilaren 12an hastekoa den epaiketa. 35 lagun epaituko dituzte urtarrilaren 12tik aurrera Madrilen, Espainiko Auzitegi Nazionalean. Tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Epaiketa egunak finkatu dituzte jada. Hauxe 2015. urte hasieran burutuko den epaiketa saioen egunak; urtarrilaren 12, 13, 14, 19, 20, 21, 29 eta 30. Datuok argitara eman berri dituzten hedabideen arabera halere, epaiketa luzatu liteke.

3 urte espetxean, 7 urteren ostean epaitua
Datorren urtarrilaren 12an hasiko den epaiketa, Seguran 2007ko urriaren 4an izandako polizia operazioaren haritik dator. Ezker Abertzaleko 23 lagun atxilotu zituen polizia espainiarrak duela 7 urte, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu izana leporatu zitzaien. 23 lagunon etxeak eta EHAK alderdiaren egoitza miatu zituzten.

Marisa, Espainiako Poliziak Donostian duen egoitzan izan zuten lehen gauean. Biharamunean, EHAK-k Belartzan zuen bulegoko miaketara eraman zuten. Gero Usurbila ekarri zuten, bere etxea miatzeko. Egun haietan, atxiloketok salatzeko mobilizazio ugari burutu ziren bai Usurbilen, baita Euskal Herri mailan ere; tartean, jarraipen zabala izan zuen ordubeteko lan uztea egin zen.

Egun haietan Soto del Realen espetxeratu zuten Marisa. Ia 3 urte izan zuten preso, 2010eko apirilaren 15ean, bera eta polizia operazio berean atxiloturiko beste 9 lagun bermepean aske utzi zituzten arte. Aske geratu eta ia 5 urtera epaituko dute Marisa, beste 34 lagunekin batera.