Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpenerako sarrerak, aurrez salgai

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 12a, 12:13

Lekukoa eskuratu eta herriari eskaini ostean, Usurbilgo "Kilometroak urte" honetako hurrengo urratsa, 2015eko urriaren 4an ospatuko den ekimena bera aurkeztea izango da. Ekitaldia gerturatu ahala, zehaztasun gehiagoren berri dugu jada. Gogoan izan, azaroaren 29an aurkeztuko da Kilometroak 15 ekimena, arratsaldeko 19:00etan Oiardo Kiroldegian. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, "ikuskizun ederra ari gara prestatzen, beraz, zuon agendetan leku bat egin mesedez. Ikuskizunetarako sarrerak laster jarriko ditugu salmenta puntu ezberdinetan, adi ibili hortaz!". Guztira lau guneetan eskuratu ahalko dira sarrerak; Udarregi Ikastolan, Txirristra tabernan, eta Aizpurua eta Labe-Goxo okindegietan. 2,5 euro ordaindu eta txapa bat eskuratu ahalko duzue. 

Bi aste eta erdi baino ez dira geratzen, Kilometroak 15 ekimenari buruzko lehen zehaztasunen berri jasotzeko. Kilometroak 15-eko irudia, leloa... Gaurkoz sekretu diren kontu guztiok aireratuko dira azaroaren 29an, Udarregi Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak antolatu eta Usurbilgo Udalak lagunduko duen ikuskizunean. 


Laguntzaile gehiago behar dira
400 laguneko taldea osatu da jada, #Kilometroak15 ekimena antolatzeko. Baina ez da aski, jende gehiago beharko da, bai 2015eko urriaren 4rako nahiz aurretik, urtean zehar antolatuko diren ekimenetarako ere. Bereziki, arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan dago jende behar handiena.

"Auzolan horretarako denak gara beharrezkoak: izan guraso, izan ikasle, irakasle, herritar edo abarrak. Une honetan, bereziki, arropa salmenta eta ekonomiari loturiko batzordeetan da jende behar handiena. Parte hartu eta laguntzera gonbidatuta zaudete, beraz, eta noski, ez ahaztu izena emateaz", ohartarazi dute Kilometroak 15-etik. 
Izen emateko: izen emate inprimakia edo 943 36 12 16.

Guraso bilera ostegunean, zozketa-txartelen ekimena aurkezteko
Zozketa-txartelak salduko dira ikasturte honetan zehar, Kilometroak 15 diruz laguntzeko. Zozketa ekimen honen berri jasotzeko, Udarregi Ikastolako eta Haur Eskolako gurasoekin bilera deitu dute ostegun honetan, azaroaren 13an, 18:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. "Ekimen honek festari egingo dion ekarpen ekonomikoa ikaragarri handia izango denez eta arrakastaz burutzeko Ikastolako familia guztien laguntza eta ekarpenak ezinbestekoak izango dira. Hori dela eta, KMK15eko zozketaren nondik norakoak (helburuak, urteko antolaketa, familen zereginak, kezkak, ekarpenak, …) argitu eta azaltzeko" izango da hilaren 13ko bilera.