Amiantoak Usurbilen duen eragina, azterketa batean jaso du Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 13a, 18:53

Usurbilen badira amiantoa duten eraikinak. Egun debekatua dago erabiltzea, baina urte luzez, eraikinetako hormen barnealdean, isolatzaile akustiko funtzioak egiteko baliatu izan da. Hormen barnealdean egonik, arriskurik ez du suposatzen herritarrentzat. Arriskutsua izan liteke ordea, eraikinen eraberritze edo mantentze lanak tarteko, maiz amiantodun produktuekin aritu beharra izaten duten langileentzat, zuntzak atmosferara aireratu baitaitezke, eta gizakiak, arnastuz, edo ukituz gorputzean barneratu. Langileok, behar besteko segurtasun neurriak hartzen ez badituzte, epe luzera, osasun arazoak izan ditzakete; biriketako minbizia esaterako. 

Kezka eragin ohi duen gaia izanik, amiantoa non eta zenbatean dagoen lokalizatu, identifikatu, behar bezala kudeatu eta edozein arrisku egoera prebenitzeko neurriak hartea aholkatzen du, berriki, Sengeos enpresak Usurbilgo Udalarentzat egin duen gai honen inguruko azterketak. 


Udalerri honetako eraikin publiko zein pribatuetan eta ur horniduran amiantorik ba ote den aztertu dute. Bereziki, amiantoa izateko arrisku altuena, 1940-90 artean altxako eraikinek dute. Arrisku ertaina aurrez, eta arrisku txikia, urte tarte horren ondoren eraikitakoek. Aztertzaileek zer aurkitu duten? Laburbilduz: 

Eraikin publikoak
8 eraikin publikoetan amiantozko hondakinak antzeman dituzte. Kopuru txikia. 

Eraikin pribatuak
292 eraikin aztertu dituzte, horietatik 135 eraikinetan amiantozko egituraren bat aurkitu dute, baina horrek ez du esan nahi gainerako eraikinek amiantorik ez dutenik. Azterketak hain zuzen, baserri edo txabolen jabeekiko kezka agertzen du. Sarri, jabeek bere kontutik egin ohi dituzte eraikinotako konponketa edo mantentze lanak, egituretan amiantorik ba ote den, eta hala bada, amiantoa modu desegokian kudeatzeak eragin ditzakeen kalteen jakinaren gainean egon gabe.

Ur hornidura sarea
Aurkeztu berri den azterketako emaitzen arabera, kalitate oneko ura dugu herrian. Alde horretatik lasai egon gaitezke. Gainera, ur hornidura sarea neurri handi batean eraberritua dago. Halere, zati batzutan egitura zaharrak ditugu oraindik. Udalak esku artean duen azterketak, egitura zatiok aldatzea aholkatzen du. 


Gomendioak
Azterketako emaitzak eskutan, hainbat gomendio egiten zaizkio Usurbilgo Udalari. Batetik, amiantoa izan dezaketen eraikinen jabeak, gai honen inguruan informatuak egotea aholkatzen du. Informazioa helarazteko hain zuzen, amiantodun hondakinak nola manipulatu, bildu eta garraiatu, datuok jasoko lituzkeen gida bat argitaratzea ere aholkatzen zaio Udalari. Legedia eskutan, hondakin arriskutsuak gainerako hondakinetatik bereizita kudeatu behar baitira.

Lanok ezin ditu edonork egin, baimendutako enpresek baino ez. Amiantodun produktuekin lan egin behar dutenei, halako lanak egiteak dakartzan arrisku eta betebehar legalez ohartarazi eta edozein arrisku prebenitzeko neurriak hartzea ere gomendatzen da. Eta proposamenik ere egiten zaio Udalari; amiantoa manipulatzeko lanak baimendutako enpresek baino egin ezin ditzaketenez, udal brigada arrisku enpresen erregistroan sartzea planteatzen du azterlanak. Eta amiantodun egiturekin lan egin behar dutenean, zereginotarako beharrezko segurtasun neurri eta baliabide material egokiak izatea.