"Koop-eratzen" egitasmoa aurkeztu berri dute eguerdian, Lasarte-Oriako Zubigune Fundazioaren egoitzan. Eskualdeko ehun ekonomiko eta soziala suspertzera datorren proiektu aitzindaria Euskal Herri mailan. Eskualdeko udalak, Usurbilgoa tartean, bultzatu eta Lanbidek diruz lagundua. Ekintzailetza kooperatiboa sustatzea izango du helburu nagusia. "Eskualdeko ekintzaileei euren negozio ideia garatu, egikaritu eta abiatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak eskainiko dizkien zerbitzua da" Koop-eratzen.
Esku artean proiektu berri bat lantzen ari zaretenok, zuen beharretara egokituriko formazio zehatza jaso ahalko duzue; proiektuaren garapenaren inguruko gertuko jarraipen eta aholkularitza zerbitzuak baita. Zehatzago esanda, "formazio saio sakonak, formaziorako leku iraunkorra, elkar-lanerako espazioak, enpresen inkubategi eta hazitegia, finantziaziorako erraztasunak, merkaturatzeko baliabideak, enpresen lehiakortasuna handitzeko zerbitzuak, euren arteko interkooperazioa handitzeko erraztasunak...".
Sarea, ekintzaile eta eragileekin
Proiektuen arteko elkarlaguntza bultzatu nahi dute, talde dinamikak bideratu, eta hartara, egitasmo guztiokin sare moduko bat osatu bailaran. Sare horretan, ekintzaileak bakarrik ez, eskualdeko eragile sozioekonomikoak ere inplikarazi nahi dituzte. "Ekintzailetza sozial eta berdearen zerbitzu honekin, ekonomia sozial eta berdean oinarrituko den egitura ekonomiko berri bat garatzeko eta indartzeko lehen pausoa eman nahi dugu, pertsonen eta komunitateen beharrak, modu demokratiko, jasangarri eta berritzaileen bidez asetuko dituen egitura ekonomiko berri bat sortuz pausoz pauso", egitasmo honen bultzatzaileen esanetan.
Eskualdean langabetuei deialdi berezia egin zaie eguerdiko aurkezpen ekitaldian. Proiektu berri bat gauzatzeko aukera paregabea eskura dutela nabarmendu nahi izan da. Izen emateko epea azaroaren 28ra arte zabalik egongo da. Usurbilen, udaletxera deituta: 943 371 951 (Josune Mujika). Gai honi buruzko informazio gehiago, laster martxan izango den kooperatzen.net atarian aurkituko duzue.