50 urte bete dituen Atarialden jai dute gaur aginagarrek

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 15a, 14:50


Aginagako soziedadeak bete berri dituen 50 urteak ospatzen ari dira larunbat honetan. Jendetsua izaten ari da jai eguna. Elkartetik mende erdiko festara gerturatzeko eginiko deialdiak erantzun zabala izan du aginagarren artean. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu dira, eta noski, baita elkarte kideak ere.

Gaurkoan, 1964ko apirilaz geroztik soziedadea bost hamarkadez zabalik, bizirik mantendu duten bazkideak eskertu eta omendu nahi izan dituzte. Aipamen berezia, bertaraturiko txalo beroak eta oroigarri bana jaso dute, elkarteko bazkide sortzaileek: Ramon Rezolak, Joxe Peñak, Joxe Antonio Pikabeak, Antonio Mayozek, Vittoriano Furundarenak, Bittoriano Pikabeak, Joxe Mari Mayozek, Periko Errastik eta Julian Bereziartuak. Ia denak gerturatu dira omenaldira. Bertsolari eta trikitixa doinuek giroturiko bazkari baten bueltan amaituko dute eguna.

Bazkideen argazki historikoa
Erretratuen eguna izan da gaurkoa. Aspaldi, Aginagako elkartea ireki berritan atera zuten bazkideek taldeko argazkia. Mende erdiko ospakizunak irudi hura eguneratzeko baliatu dute aginagarrek. Albiste honen goialdean duzue, Atarialde soziedadeko hasierako eta egungo bazkideen taldeko argazkia.

Argazki historikoa. Ondo begiratu eta gure memorian gorde beharrekoa. 50 urteotan jendartean eman diren zenbait aldaketa islatzen baititu irudiak; belaunaldi berrien etorreraz gain, emakumeen parte hartzea elkarteetan. Inguruotan, eta gai honetan, Aginagako elkartea aitzindari dugu. Duela hamar bat urtetik, soziedadeak ateak zabalik ditu herritar guztientzat. Zorionak!