2011z geroztik Usurbilgo Udalean PSE-EEko bozeramaile izan den ordezkariak bere eserlekua utziko du legegintzaldi hau amaitzean. Ricardo Crespo herritarra, PSE-EEko Hernaniko udalerako zerrenda-burua izango da, 2015ean ospatuko diren udal hauteskundeetan. Hernaniko udaleko alkatetzara aurkeztuko da. Gardentasuna, parte hartzea, energia, eta batez ere, esperantza eskaini nahi dizkie hernaniarrei, berriki alderdiak antolatu zuen aurkezpen ekitaldian. Hernaniko Biteri kultur etxean buruturiko aurkezpeneko irudia duzue albiste honen goialdean. Bertan, Crespo, datozen foru hauteskundeetarako PSE-EEko diputatu izateko hautagai Denis Itxasorekin.
Hernani jasangarri bat eta galdu diren lanpostuak berreskuratzea sustatu nahi du Crespok. Hauteskunde programan aurkezturiko proposamenen hiru laurdenak aurrera ateratzea. Atez atekoaren eta oinarrizkotzat jotzen ez diren 350.000 eurotik gorako zerbitzuei buruzko bozketak bultzatu nahi ditu. Berarekin hauteskunde zerrendan aurkeztuko diren ordezkariek, konpromiso etikoa sinatuko dutela iragarri du. Betetzen ez duenak, zinegotzi izateari uko egin beharko dio.
Usurbilgo udal ordezkari sozialista da egun Ricardo Crespo. Gipuzkoako gazte sozialisten koordinatzailea izan da, Euskal Herriko Unibertsitatean Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua dagoen 30 urteko gaztea.