Ikusmin handia sortu du atzo Bilbon aurkeztu zen "Zohardia" dokumentalak. Ekitaldirako aretoa goraino betea zen eta sarrerak agortuta. Markel Andiak eta Lander Iruinek zuzenduriko ikus-entzunezko lanak, "Alcala hoteleko atentatuan eraildako Josu Muguruza HB diputatuaren heriotza ez ezik, bere bizitza eta kazetari, militante edota euskaltzale gisa izandako jarduera azaltzen ditu".
Bilbon aurkeztu berri den dokumentala Usurbilen ikusteko aukera izango dugu, Aitzaga Elkartekoen eskutik, datorren asteartean, azaroaren 25ean, 19:30etan Sutegin. Proiekzioaz gain, lan honen egileetako bat ere kultur etxean izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Estatu krimenei buruzko hitzaldia
Dokumentalari lotuta, estatu krimenak hizpide izango dituen hitzaldia antolatu du Aitzaga Elkarteak, abenduaren 2an, Sutegin baita, 19:30etan. "Nola, zergatik gauzatu diren, behar bezala aitortu eta epaitu diren aztertzetik harago, etorkizunari begira eta gatazkaren behin betiko konponbidea bideratzeko gure herriaren memorian nola jaso beharko liratekeen", horri buruz jardungo dute hitzaldira gonbidatu dituzten bi lagunek.
Batetik, HBko parlamentari ohi, kazetari eta besteak beste, Josu Muguruzari buruz kaleratu berri duen "Balek hondatu ez zuten ametsa" biografia lanaren egileetako batek, Mikel Zubimendik, eta Karmen Galdeanok, abokatu eta Egiari Zor elkarteko sortzaileak, GALek Iparraldean eraildako Xabier Galdeanoren alabak.
Bi ekimenokin amaitutzat emango du Aitzaga Elkarteak, ekaina hasieran bete zituen 20 urteen harira antolaturiko ospakizunak:
Azaroak 25, asteartea
19:30 "Zohardia" dokumentalaren emanaldia Sutegin. Egileetako bat ere bertan izango da.
Abenduak 2, asteartea
19:30 Estatu krimenei buruzko hitzaldia Sutegin. Hizlariak: Mikel Zubimendi eta Karmen Galdeano.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.