Donostialdeko 43 turismo-zerbitzuk "Euskadi Gastronomika" bereizgarria eskuratu dute. Tartean, Usurbil eta Aginagako hiru establezimenduk; Aginaga, Arratzain eta Saizar sagardotegiek. Aginagakoaren kasuan, baita hotelak ere. Bereizgarria eskuratu duten gainerako establezimenduak, Donostialdeko pintxo taberna, ostatu, jatetxe, museo, ekoizle eta aktibitate enpresak dira.
Guztiak, "Euskadi Gastronomika" produktu klubeko kide dira. "Euskadi Gastronomika" turismo enogastronomikoa sustatzeko ekimena dugu. Eusko Jaurlaritzak, Basquetour, Euskadiko Turismoaren Agentzia bidez martxan jarritako egitasmoa. Behemendi-Donostialdea Turismoguneak aurrera daramana.
"Programa honen helburu nagusia, Euskadi zein potentzial enogastronomikoa duten eskualdeak, nazioarteko erreferentzia bilakatzea da. Donostialdearen kasuan, eskualdean turismo enogastronomikoa lantzea eta bertako gastronomia aberatsa sustatzea dira helburuak, bertako produktuan oinarritua, elkarlan publiko-pribatuaren bitartez", egitasmo honen sustatzaileen esanetan.