Gazteen txanda asteazken honetan, gazte lokalak eta elkarbizitza partaidetzazko prozesuan. Gai honi buruz, Udalak eta Elhuyar Aholkularitzak prestaturiko diagnosiko emaitzen berri jaso eta hitza hartzeko aukera izango dute gazte lokaletako erabiltzaileek, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Potxoenean deitua dagoen saioan. Lokaletako erabiltzaileekin beste hainbeste egingo du Udalak; burutu duen datu bilketa aurkeztu eta gazteei hitza eman segidan.
Parte hartzeko gogoa helduen artean
Helduen artean interesa piztu du parte hartze prozesuak. Gai honetan zer esana dutelako, abian den prozesu honen baitan, gazte lokaletako jabeak, lokalon inguruan bizi diren herritarrak, eta gurasoak bilera batera deitu zituzten, azaroaren 12an Potxoenean. Deialdiak erantzun zabala izan zuen, ondoko irudian ikus daitekeen moduan. Usurbilgo Udalak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, gazte lokaletako erabiltzaileei eginiko galdeketekin osaturiko diagnosia aurkeztu zuten. Hortik aurrera, bertaratu zirenen proposamen eta ekarpenak bildu zituzten.
Bi kolektiboekin, gazte eta helduekin asteotan eginiko lanketaren ostean, bi bilera egingo dira modu bateratuan. Hauxe da hitzordu guztion egutegia:
Azaroak 19, asteazkena
Bilera lokaletako erabiltzaileekin.
Azaroak 26, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.
Abenduak 10, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.
Bileren ordua: 19:00.
Bileren lekua: Potxoenea.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.