Otsaila aldera botatzekoak dira Usurbilgo Gaztetxea

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 19a, 14:49


Data jarria dago. 2015eko otsaila aldera makineria sartu eta Usurbilgo Gaztetxea, Alkartasuna Kooperatiba ohiaren egoitza behera botatzen hastekoak dira. "Otsailean beraz hortik joan behar dugula buruan dugu", adierazi dio Usurbilgo Gazte Asanbladak NOAUA!ri. Gaztetxea botako dute bai, baina bi urteotan garatzen joan diren egitasmoari jarraipena emateko asmo argia du Usurbilgo Gazte Asanbladak. Herriak gaztetxe bat behar baitu asanbladakoen esanetan. Guztiz kontsumora bideratua dagoen aisialdi eskaintzaren aurrean alternatibak eraikiko dituen Gaztetxea, herritar nahiz eragileen bilgune aktiboa izango dena. Gazte Asanbladak bi urteotan jorratu duen ibilbidearen balorazioa egin dio aste honetako NOAUA! aldizkariari. 

96 etxebizitza, Gaztetxearen ordez
Usurbilgo Gaztetxea kokatu dagoen lur eremuan, etorkizunean, lehen fasean, 96 etxebizitza eraikiko dituzte; babes ofizialeko 48 etxebizitza eta beste 48 etxebizitza tasatu. Aspaldiko planeamendua gauzatuko da modu honetan. Etxebizitzak aldiz, babes ofizialekoak izan arren, denen eskuragarri ez direla egongo diote Gazte Asanbladatik. "Babes ofizialeko etxebizitza horiek ez daude denon esku. Itxuraz zailtasun ekonomikoak dituztenentzako eginak daude, baina benetan zailtasunak dituztenei ez diete erantzuten. Gazteentzako etxeak ez dira izango. Ez dugu uste etxebizitzak eraikitzeko garaia denik. Nahikoa eraiki da eta etxebizitza hutsak ere hor daude", diote. 

Kontzertu gaua, Jontxuren omeneko eguna...
Usurbilgo Gaztetxea eraitsi arren, lantzen, garatzen joan diren proiektuarekin aurrera jarraitu nahi du Gazte Asanbladak. Ez dute haria eteteko asmorik. "Ez dadila haria eten!" lemapean hain zuzen, ekimen zaparrada antolatu dute hilabete hauetarako. Kontzertu gaua larunbat honetan, edota aurrerago Jon Uriberen omeneko eguna:

Azaroak 22, larunbata
22:30
Kontzertu gaua: Juanantzoneko okupak, Kaotiko eta Dj Kankar. Sarrera: 6 euro.

Azaroak 30, igandea
18:30
Herritar nahiz eragileei zuzenduriko bilera irekia Potxoenean, urtarrilaren 3an ospatuko den Jon Uriberen aldeko omenaldi eguna antolatzeko.

Abenduak 6, larunbata
Kaos y lentejas jaialdia.

Abenduak 11, osteguna
20:30
Afari beganoa, borondatearen truke.

Abenduak 13, larunbata
Andatza M.K.T.-rekin eta Kantu Taldekoekin, Andatza ingurura mendi buelta.
Ondoren, babarrun jan paregabea gaztetxean, Kantu Taldekoekin.

Abenduan zehar
Haur eta gaztetxoei zuzenduriko ekimenak.

Urtarrilak 3, larunbata
Jon Uribe gure artetik joan zeneko lehen urteurrena; Jontxuren omenezko eguna.

Antolatzailea: Usurbilgo Gaztexea.