Hondakinak tratatzeko Zubietan eraikitzekoak diren plantako lanak atzeratu daitezke, zenbait hedabide iragartzen ari direnaren arabera. Antza, azpiegitura egitasmo hau gauzatzeko ingurumen baimena berriz tramitzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK). GHK-k halakorik gerta zitekeela ohartarazia zuen, duela hilabete Gasteizen, Zubietako plantari buruzko dokumentazio osagarria aurkeztera joan eta hedabideen aurrean egin zituzten adierazpenetan.
Ziurtzat jo zuten, Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua lortuko dutela, baina baimena ematea atzeratzeko tentazioa egon zitekeela zioten, “interes politiko eta elektoralak direla medio”. Baimena jasotzeko unea hilabete atzeratuko zela zioten orduko hartan. Hilabete beranduago hedabideek zabaldu berri dutenez, ingurumen baimena berriz tramitzea eskatu dio Jaurlaritzak GHK-ri.
Urgentziazko agerraldia
Proiektua, esleipen publikora atera ahal izateko, prest zegoen. Eusko Jaurlaritzak eman beharreko Ingurumen Baimen Bateratua baino ez zitzaion falta.
Jaurlaritzak GHK-ri egin dion eskakizunaren harira, urgentziazko agerraldia iragarri du Foru Aldundiak 18:00etarako. Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak, Zubietako hondakinen tratamendu plantarako beharrezkoa den ingurumen baimenaz adierazpenak egingo ditu hedabideen aurrean.
Zubietako planta, erantzun integrala hondakinen arazoarentzat
Materia inertizatuarentzako Zestoako gordetegiarekin batera, hondakinen zikloa ixteko funtsezkoa izan eta hondakinen arazoari erantzun integrala eta iraunkorra emango dion planta izango da Zubietakoa, GHK-ren esanetan. Europako Batasunak hondakinen kudeaketari lotuta gomendatzen duen hierarkiarekin bat eginez, materialak berreskuratu eta birziklatzeari lehentasuna emango zaio. Eta erraustegiak baino ingurumen inpaktu askoz txikiagoa izango omen du ingurumenean, "hemen ez baita emisio kutsakor eta arriskutsurik sortuko eta alemaniar araudiaren arabera diseinatu da (Dep V, 2009), hauxe baita Europan dagoen araudirik zorrotzena ingurumen-inpaktuak minimizatzeari dagokionez". Azpiegitura berriokin, Gipuzkoa legeak debekatzen dituen zabortegi kutsakorrak ixten lehen herrialdea izango dela gogorarazi dute erakunde GHK-tik.
Honatx, erraustegia eraiki behar zuten lekuan eraikiko duten plantaren zenbait ezaugarri:
ZUBIETAKO HONDAKINEN ZENTROA
Gastua
71 milioi euro.
Eraikitze lanen iraupena (aurreikusia zegoena)
Hasiera: 2014ko azaro amaieran, "proiektua osatzeko eta lursailak egokitzeko epeak" igaro ostean.
Bukaera: 2015eko udazkenean.
Azpiegiturak
-Tratamendu mekaniko-biologikorako planta.
-Konpostatze planta.
Berezitasunak
-Azpiegitura moldagarriak izango dira. Garaian garaiko beharretara egokitu ahal izango dira.
Hondakinak birziklatzeko gaitasuna
-Tratamendu mekaniko-biologikorako plantan:
15.000-20.000 tona ontzi arin eta plastiko.
10.000-15.000 tona paper eta kartoi.
8.000-10.000 tona beira.
-Konpostatze plantan: gaikako bilketatik jasotako organikotik A+ kalitateko konposta egin eta ongarri gisa merkaturatuko da. Tratamendu Mekanikoko plantatik jasotako organiko zikina tratatuko da baita. Eremu hondatuak berreskuratzeko erabiliko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan gauzatu asmo duen plangintzaren inguruko informazioa, hemen:
Foru Aldundiaren plangintza
Irudiak: GHK.