Osakidetzako lan uztea, nabari da Usurbilgo osasun etxean

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 20a, 12:06


Azaroaren 6rako eginiko lau orduko lan uztea baino nabariagoa izaten ari da ostegun honetarako, Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek deitua duten egun osoko lan uztea. Usurbilgo osasun etxea zabalik dago, lanean ari dira. Baina ez ohiko egun batean bezala. Pediatrian lan uztearekin bat egin dute. Ondorioz, haurrak Lasarteko anbulatoriora bideratzen ari dira.

Gogoan izan, Gipuzkoako Osakidetzako langileak lan uztera deitu dituzte ostegun honetan, goizeko 8:00etatik gaueko 22:00ak arte, Osakidetzan ordezkaritza duten SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek; tartean, Usurbilgo osasun etxekoak.

Azaroaren 6an eginiko lan uztean iragarria zuten; lan-gatazka konpontzen ez bazen, mobilizazioak gogortuko zituztela. Negoziatzeko borondatea berresten dute langileek, baina momentuz, ez dago konponbiderik. Honenbestez, aurreikusia zuten mobilizazio egutegiari eutsiko diote Osakidetzako sindikatuek. Asteotan, greba egunak deitzen ari dira lurraldeka. Azaroaren 13an Arabako langileak grebara deitu zituzten. Ostegun honetan, azaroaren 20an, gipuzkoarren txanda. 

Zerbitzu hobeago baten alde
Ostegun eguerdiko 12:00etarako gainera, Bulebarretik abiatuko den manifestazioa deitu dute, "galdutako enplegua berreskuratzeko, lan-karga onargarriekin lan egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldata diskriminazioak kentzeko". Salatzen dutenez, azken hiru urteotan hain zuzen, 3.000 lanpostu suntsitu dira. Honez gain, 8.000 langile hilero behin-behineko kontratuekin dabiltza lanean. 500 langilek hartzen dute erretiroa urtero. Zifra hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hurrengo bi urteotarako 474 lanpostuko enplegu deialdi publikoa egin du. "474 lanpostutako eskaintzaz hitz egitea lanpostu suntsiketa eta prekarietatearen aldeko apustua izateaz gain, gizartea osoari burla egitea da", sindikatuen esanetan.

Gipuzkoarren ostean, azaroaren 27an Bizkaiko langileak grebara deituak daude. Ordurako lan gatazka konpontzen ez bada, abenduaren 4an, sindikatuek greba eguna egitera deituko dituzte, hiru herrialdeetako Osakidetzako langileak.